Feministaldia Donostia mugitzera dator
Plazandreokek Feministaldia antolatu dute hamaseigarrenez Donostian, hilaren 16tik 20ra. ‘Sismika’ dute aurten lelotzat, koordinatzaileen hitzetan, "pandemia egoerak nolabaiteko lurrikara bat eragin duelako".

Normalean baino lehenago, baina hemen da Donostiako Feministaldia. Gizarte gaiak, literatura, zinema, musika eta bestelako arloak jorratuz, Feministaldiak feminismoz beteko du Tabakalera.
“Aurten Sismika da leloa, asko interesatzen zitzaigulako lurrikararen ideia. Alde batetik, pandemia egoerak nolabaiteko lurrikara bat eragin duelako, eta mugimendu hori islatu behar genuela uste genuelako. Bestetik, lurrikararen ideiak askotariko gaiei buruz hitz egitera eramaten gaituelako. Gainera, feminismoa bera lurrikara baten moduan ulertzen dugu, sistema astintzeko funtsezko mugimendu baten moduan”, azaldu dute Leire San Martin, Laura Muelas eta Maider Zilbeti koordinatzaileek.
Hortik abiatuta, egitarau zabala prestatu dute (jaialdiaren webgunean kontsultatu daiteke osorik): “Asteartean hasiko gara, oso indartsu, Val Flores idazle argentinarraren hitzaldiarekin. Teoriatik zein praktikatik abiatzen den pertsona bat da, irakasle bollera gisa aurkeztu baitu bere burua. Ondoren, lurra mugiaraziko duten emakume batzuekin jarraituko dugu, Kearen Artxibogileak proiektuarekin”, azaldu du San Martinek.
Hurrengo egunean, besteak beste, Beldur handia eta adore gehiago. Errebeldia feministak botere korporatiboaren aurka mahai ingurua antolatu dute, Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko Julia Marti Comasekin eta Huelvako jornalarien mugimenduarekin. “Bi esperientzia horiek uztartzea interesgarria iruditzen zaigu”, nabarmendu du Zilbetik. Hain zuzen ere, esperientzia desberdinak elkartzeko ariketa egin dute astean zehar antolatu dituzten hainbat mahai ingurutan. Ostegunean, esaterako, “hirian finkatuta dauden zenbait gauza zalantzan jartzen ari diren” hiru kolektibo elkartuko dituzte: Euskal Herriko Neska* Gazteak, Tupust! eta GureHaizeak. Ostiralean, larunbatean eta igandean ere antzeko eztabaidak izango dituzte: ostiralean arte praktika garaikideen inguruan mintzatuko dira Beatriz Herraez, Elvira Dyangani Ose eta Yaiza Hernandez. Larunbatean, turistifikazioa izango dute hizpide, Las Kellys kolektiboaren eta Bizilagunekin plataformaren eskutik. Eta, igandean, transfeminismoa eta antiespezismoa uztartuko dituzte, Parole de Queer eta Nor kolektiboen eskutik.
Aliantzak sortzearen garrantzia nabarmendu dute koordinatzaileek, eta Alianzas Rebeldes. Un feminismo más allá de la identidad argitalpena izango dugu hizpide asteazkenean. “Argitalpenean, erdigunean jartzen dute borroka kolektiboaren eta aliantzak sortzearen garrantzia”, dio Muelasek. Bestalde, espresuki Feministaldirako sortutako hitzaldi bat izango da ostiralean: Elena Prousen Errepliketan bizitzea. Mediku munduari desafio egiten dioten gorputzak.
Urteroko legez, literaturak eta zinemak ere euren lekua izango dute Feministaldian. Zinema Nucbeade taldearen eskutik iritsiko da, ostegunean: “Garai batean, sexu disidentziak eta buruko osasunak harreman zuzena zutela uste zuten, eta lesbianak eroetxeetara eramaten zituzten. Horren inguruko ikerketa egin dute, eta hori izango dugu hizpide saioan”, azaldu du San Martinek. Literaturari dagokionez, ordea, Eider Rodriguezen eta Karmele Jaioren arteko mahai ingurua egingo dute larunbatean, Kattalin Minerrek moderatuta.
Musikarentzako lekua ere egongo da: asteazkenean Alargun Beltzak elektro txaranga feministak joko du, ostiralean Ines Osinagak, Lorea Argaratek eta Olatz Salvadorrek, eta azken egunean amaierako festa egingo dute Mogambon, Beatriz Egizabalen bakarrizketarekin eta Brava DJ-aren emanaldiarekin.
Horregatik, jendea Feministaldira joatera animatu dute: “Hor ematen diren eztabaidek mugimendu feminista elikatzen dute. Gainera, ikasteko, eztabaidatzeko eta ondo pasatzeko denbora dago”.