Jon Insausti eta Reyes Carrere prest daude Behobiatik Donostiarako bidea egiteko
Donostiako Udalbatza osatzen duten 27 zinegotzietatik bik parte hartuko dute igandean, 56. Behobia-Donostia lasterketan: Jon Insaustik eta Reyes Carrerek. EAJko bozeramailea eta Euskara eta Kultura zinegotzia da Insausti. Aldiz, Carrere EH Bilduko bozeramailea da.

Zenbatgarrenez egingo duzu lasterketa?
Jon Insausti (J.I.): Hau zortzigarren aldia izango da. 2013an hartu nuen parte lehen aldiz. Nire bi izeba emakumeen korrika talde batean aritzen dira, eta haiekin batera joan nintzen lehen edizio hartan. Urte horretatik hona, ez dut hutsik egin, iazkoa kenduta, noski, ez baitzen lasterketarik izan. Bakarka ateratzen naizen horietakoa naiz. Neure erritmo eta martxan.
Reyes Carrere (R.C.): Hirugarren aldia da irtetera noala. Momentuz, sentsazio onak ditut, urtebete baino gehiago oin batean lesioa izan ondoren, igandean irteeran egotearekin pozik nago aurten. Behobian parte hartzeak urtarriletik azarora entrenamendua egiteko motibazio gisa balio dit eta helburu hori buruan edukitzea niri ondo datorkit alferkerietan ez erortzeko.
Zer nolako sentsazioak dituzu iganderako? Entrenamendu asko egin dituzu?
J.I.: Ilusioa, oro har, aurtengoak mezu bikoitza du eta. Alde batetik, normaltasunera itzultzearen adierazle da. Urriko maratoi erdian ere parte hartu nuen, pandemia hasi zenetik lehen lasterketa luzea izan zen 18 hilabete eta gero. Bestetik, Behobiak beti sortzen dizu ilusio berezi bat. Lasterketa guztien artean hau dut kutunena. Gogoko dut kirola egitea. Buruan bueltaka dauzkadan kezkak eta pentsamenduak ordenatzeko balio dit, niretzat gordetzen dudan momentua baita. Normalean Jaizkibel aldean ibiltzen naiz aurrera eta atzera korrika. Gustuko dut Altzatik Guadalupera arteko joan-etorriak egitea. Eta ahalegintzen naiz goizean goiz Kontxako uretan sartzen.
R.C.: Behobian atera nahi dugunok hilabeteetan zehar modu iraunkorrean entrenatzera behartzen gaitu. Nire kasuan, astean hirutan ateratzen naiz korrika egitera, gero azaroan ondo, lasai, egin ahal izateko Behobia. Akats handia litzateke azken asteetan bakarrik irtetea. Lasterketa herrikoia izan arren, maila handikoa da, eta hori prestatzeko oinarri egokirik ez badago lesio arriskua handia da.
Zein helburu pertsonal duzu Behobia-Donostiarako?
J.I.: Gozatzera aterako naiz. Asko jota, aurreko lasterketan egindako denbora izaten dut erreferentzia moduan. Ordu eta erdiren bueltan ibiltzen naiz, baina horrek ez dit inolako presiorik eragiten. Esan bezala, txukun eta pozik bukatzea da nire helburua.
R.C.: Ez diot helburu bakar bat ere jarri neure buruari. Lesio bat izan ostean irtetearekin pozik nago.
Zure ustez, Behobia-Donostia lasterketa zergatik da horren berezia?
J.I.: Urteko zita garrantzitsuenetako bat da niretzat. Izan ere, kiroletik harago badu ukitu berezi bat. Lasterketa honek duen altxor nagusia bide guztian zehar ondoan duzun publikoa da. Animoak ezker-eskuin etortzen zaizkizu. Eta, jakina, saria amaieran izaten dut, urtero ohitura bihurtu da ama, amona eta aita Bulebarrean zain izatea.
R.C.: Gogoan dut gazte-gaztetatik joaten ginela lasterketa ikustera, korrikalariak Lezotik edo Pasaiako portutik pasatzen zirenean, eta hori nolabait txertatuta geratzen da bihotzean. Donostiarrok oso gurea sentitzen dugu Behobia, ibilbide zoragarria eta aldi berean zorrotza, eta, Irundik Donostiaraino pilatzen den jende andana animatzen joatea zirraragarria da korrikalari guztientzat. Bestalde, miresgarria iruditzen zait antolatzaileen maila bikaina. Zorionak eman behar zaizkio Fortunari.