Antiguako Ideal depilazio zentroa langileei ordaindu gabe itxi dute
Joan den astearen amaieran, langileei abisurik eman gabe, Antiguako Ideal depilazio zentroa itxi zuten enpresaren jabeek. Langileek lau hilabete baino gehiago daramatzate soldata kobratu gabe, eta ELAko ordezkarien arabera, arazo psikologikoak izaten ari dira langileak, egoeraren larritasuna dela eta: “Langileen gehiengoa bajan dago, depresioa eta antsietatea dela eta. Joan den astean, adibidez, langile batek antsietate-krisi larri bat izan zuen”, diote sindikatuko ordezkariek.
Nahiz eta zentroa itxi, beharginek enpresarekin lotuta jarraitzen dute, nahiz eta ez duten soldata kobratzen. Enpresako ordezkariek erantzuten ez dutela ere gehitu dute ELAko ordezkariek: “Etengabe idazten diegu, eta ez digute erantzunik ematen. Behin bakarrik idatzi digute, salatuko gaituztela mehatxu eginez”.
Egoera oso larria dela diote sindikatuko kideek eta langileek, eta egoera konpondu arte protestekin eta mobilizazioekin jarraituko dutela diote.