Euskal sustraiko jende izenak dituzten Soriako hilarriak ikusgai San Telmo Museoan
Soriako Tierras Atlas eskualdean aurkitutako hainbat objektu arkeologikoan jatorrian duen erakusketa jarri dute San Telmo Museoko klaustroan. Euskal sustraiko jende izenak erromatar epigrafian. Soriako Tierras Altasko hilarriak izenburupean ireki zen erakusketa azaroaren 12an, eta urtarrilaren 16ra arte izango da ikusgai. San Telmo Museoak, Euskaltzaindiak eta Idoubeda oros egitasmoa elkarlanean antolatu dute.
Tierras Altas eskualdean 40 hilarri aurkitu dituzte azken urteotan eta horietako sei daude ikusgai. Latinezko hitzak agertzen dira bertan baina era berean bertako biztanleen izen indigenak irakur daitezke. Pieza arkeologikoen ondoan, besteak beste, Joakin Gorrotxategi irakasle eta euskaltzain urgazleak egindako azterketa eta iruzkin linguistikoak jasotzen ditu erakusketak. Sei hilarrien gain, zazpigarren bat gehitu dute: baskoien iparraldeko Oiasso hiriaren eremutik datorren Andrearriagako estela da, San Telmo Museoko bildumakoa, eta bertako erakusketa iraunkorrean egoten dena.
Eduardo Alfaro arkeologo eta ikerlariak, Idoubeda oros egitasmoak lanean diharduenak, erakusketa prestatu zuen Sorian 2019an, eta Donostiara etorri aurretik Bergarako Laboratorium Museon jarri zen.
“Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako erromatar epigrafeei esker, bertan gure aroko lehen mendeetan bizi zen jendearen heriotzarekiko erritu eta sinismenen berri dugu. Inperioko lurralde gehienetan bezala, latinez idatzita daude, baina aldi berean bertako jendearen izen indigenak agertzen dira”, azaldu du museoak. Azken ikerketen arabera, hauetariko batzuk euskal-akitaniar antroponimiaren ikuspuntutik azal daitezke, euskararen historiarako garrantzitsuak diren aztarnak baskoiei zegozkien Ebro ibaiaz bestaldeko lurretan kokatuz.
Azken hamarkadetako aurkikuntzen aurretik, ezagunak ziren izen indigena urriak Soriako eta Ebro ibarreko ustezko hizkuntzekin lotzen ziren, hau da, zeltiberierarekin eta iberierarekin. Geroztik hona nabarmendu da ia ez dagoela zeltiberierazko izenik lurralde horretan, Numanziatik gertu egon arren; aldiz, askok egungo euskararen aurrekariak ziren akitanieraren eta baskoieraren ezaugarriak dituzte.