Gabonetako argientzat Urumean jarritako kableak hegaztientzako arriskutsuak direla salatu du Eguzkik
Eguzki Erakunde Ekologistak salatu duenez, Urumea gainean jarritako eguberrietako argien kableak arriskutsuak dira hegaztientzako. Azken egunotan, Gabonetako argiak jarri dituzte hirian zehar, eta Urumean, ibaia aldez alde zeharkatzen duten dozena bat kable jarri dituzte. Zehazki, Maria Kristina eta Santa Katalina zubien artean.
Ekologisten hitzetan, kableak ez daude behar bezala jarrita eta “hegaztiek talka egin dezakete horien kontra”. Ubarroiak, ahateak, hainbat espezietako kaioak, harri-iraulariak, txirriak eta lertxuntxoak bertatik ibili ohi direla gogorarazi dute.
Bestalde, duela bi urte martin arrantzale batek Lehendakari Agirre zubiko kristalaren aurka talka egin zuela nabarmendu dute, kristala behar bezala nabarmenduta ez zegoelako.
Gauzak horrela, Eguzkik udalari kableak seinaleztatzeko eskatu dio, talka arriskua saihesteko. Taldeak azaldu duenez, obretako kableetan sarri egiten den praktika da eta “zenbait hegaztiri bizitza salba diezaioke”.