Lamiak hirukoak 'Bigarren mundu bat' singlea estreinatu du
Donostiako Lamiak rock taldeak bigarren diskoko aurrerapenak plazaratzen jarraitzen du. Eskerrak eta Krokodiloaren malkoak abestiak aurkeztu ondoren, Bigarren mundu bat abestia estreinatu dute. Lan berria Zestoako Gaztain estudioetan grabatu dute Eñaut Gaztañagaren (Grises, Ezpalak) gidaritzapean.
Abestiak eskizofreniari buruz hitz egiten du, baita ere gaixotasun hau pairatzen duen kolektiboak bizi duen errealitate paraleloari buruz, estigmaz inguraturik dagoena. “Ez dugu letretan gaia modu esplizituan azaldu nahi, entzuleak bere istorio pertsonaletik guk transmititu nahi dugun hori uler dezan baizik, ahalik eta modu gertuenekoan”, azaldu dute taldekideek.
Musikalki, abestia lau akordetan oinarritzen da, hasieran eta estrofetan errepikatzen direnak. “Akorde progresio honek positibismoz eta poztasun sentsazioz betetzen du abestia eta ahotsaren melodia erraztasun handiz osatzea ahalbidetzen du”.