Lau urteko kartzela zigorra ezarri diote 2019. urtean Egian adingabe bati abusuak egin zizkion gizonari
Epaile batek lau urteko kartzela zigorra eta zaintzapeko beste bi urteko zigorra ezarri dizkio 2019. urtean adingabe bati abusu sexualak egin zizkion 24 urteko gizon bati. Erasotzaileak eta biktimak elkar ezagutzen zuten, eta Matigoxotegi futbol zelai inguruko parkean egin zizkion abusuak gizonak neskari, sententziaren arabera “bere instintu sexuala elikatzeko”. Neskak ihes egitea lortu zuen, eta kalean aurkitu zituen pertsona batzuek lagundu zioten senideei eta poliziari deitzen.
Sententziaren arabera, biktimaren testigantzak eta informazio periferikoa nahikoa dira biktimaren bertsioa ontzat emateko, eta, beraz, lau urteko kartzela zigorra ezarri diote 24 urteko gizonari. Hala ere, sententzia ez da oraindik itxi, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian helegitea jarri baitezake oraindik akusatuak.