Metroaren lanak berrartuko dituzte Kontxa azpian
Espainiako Gobernuko Kostaldeetako zuzendaritzak baimena eman du Kontxako hondartzaren azpian Donostiako Metroa egiteko lanak berrartzeko, El Diario Vasco egunkariak argitaratutako informazioaren arabera. Horrela, lanak datozen asteetan hasiko dituzte berriz, zorupea gehiago indartu ostean.
Mirakontxa-Easo zatiko lanek ia urte eta erdi daramatzate geldirik. Izan ere, 2020ko ekainean, Zubieta kalean zulo bat agertu zen, metroaren lanen ondorioz: 8. zenbakiko sotoan zulo bat azaldu zen –20 metro kubiko ingurukoa–, eta Kontxako tunelaren zulaketa lanak gelditu behar izan zituzten. Horrela, Euskal Trenbide Sareak (ETS) lanen kontratua bertan behera utzi zuen 2020ko irailaren 25ean.
Bi hilabete beranduago, azaroaren 17an, bigarren zuloa azaleratu zen –30 metro kubiko ingurukoa–, Zubieta kalean eta Londres hoteletik gertu. Gertatutakoa aztertu ondoren, ETSko arduradunek baieztatu zuten zuloa metroaren igarobidearen lanek eragin zutela, eta zehazki, hilabete batzuk lehenago kale berean izandako lur jausiarekin lotura zuela. Hirugarren zulo bat ere izan zen, maiatzaren 7an, Kontxako hondartzako aldagelen forjatuaren azpian –138 metro kubikokoa–.
Lanak gelditu zituztenetik, beraz, bi zulo gehiago agertu dira gutxienez, eta langileak zorupea porlanarekin indartzen aritu dira. Bestalde, lanak berrartzeko kontratua 57,8 milioi eurotan adjudikatu zuten. Ordea, aurreko kontratuaren baitan 35,3 milioi euro gastatu zituzten lanak eten aurretik, beraz, momentuz, 93,1 milioi eurokoa izango da lanen kostua. Hasiera batean, 53,2 milioi eurotan adjudikatu zituzten.
Satorralaia plataforma haserre agertu da albistearekin, eta jakinarazi du metroaren aurka mobilizatzera deituko duela datozen egunetan.