Azaroaren 26an estreinatuko da zinema aretoetan 'Apaiz kartzela' dokumentala
Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian aurkeztu ondoren, Ritxi Lizartza donostiarrak, David Pallaresekin eta Oier Aranzabalekin batera zuzendutako Apaiz kartzela dokumentala, azaroaren 26an estreinatuko da zinema aretoetan. Lanak, munduko apaizentzako kartzela bakarra du hizpide, eta “frankismoaren zapalkuntzaren aurka erreakzionatu zuten apaizen borroka” ekartzen du gogora, protagonisten beraien kontakizunetik abiatuta. Maluta* Films ekoiztetxeak aurkeztu du gaur, prentsa aurrean, Tabakaleran.
1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz (gehienak Euskal Herrikoak) kartzelatu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Horietako batzuk, hamabi urteko kartzela zigorrak jaso zituzten. Momentu historiko ugariren artean, konkordatu kartzelari su eman zioten unea ageri da dokumentalean, baita tunel batean ihes egiten saiatu zirenekoa ere.
35 elkarrizketa, orotara
Luzea da Zamorako espetxean preso egondako abadeen zerrenda, eta horietako askoren testigantzak bildu dira dokumentalean: Xabier Amuriza, Josu Naberan, Juan Mari Zulaika, Eduard Fornés, Julen Kaltzada, Jon Etxabe, Periko Solabarria, Periko Berrioategortua, Juan Mari Arregi, Martin Orbe, Felipe Izagirre, Lukas Dorronsoro, Vicente Couce, Nicanor Acosta, Mariano Gamo, Josep Maria Garrido, Andreu Vila, Jose Antonio Calzada, Lukas Dorronsoro, Mikel Zuazabeitia eta Pablo Muñoz (azken hau, donostiarra).
Zuzendarien arabera: “Diktadorearen gehiegikeriei, gogortasunez aurre egin zieten abade haiek ez dute justiziarik ezta errekonozimendurik jaso, kartzela zabaldu zenetik igaro diren 50 urte hauetan. Izan ere, Espainiako Estatuan, memoria historikoa konpondu gabeko kontua da oraindik ere”.
“Jazo zen garai hartan, 1965 – 1967 aldean, oso entzutetsua izan zen, besteak beste, orduan gertatutako beste auzi politiko batzuekin lotura izan zuelako: Burgosko Prozesua, esaterako. Baina gerora –demokrazia garaian– ematen du, adin batetik gorakoengatik ez baldin bada, ez litzatekeela gogoratuko. Jendeak ez du ezagutzen 1968 – 1976 artean Zamoran apaizentzako kartzela bat egon zenik”, azaldu du Lizartzak
Apaiz kartzela filma Apaizak AIEk zein Donostiako Maluta Films ekoiztetxeak, sustatutako lana da, Azaroa Films eta Zabriskieren ekoizpen elkartuarekin, EITBren parte hartzearekin, Gogora Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Otxoa de Baraindika Fundazioaren, Etxepare Institutuaren laguntzarekin, eta Berriaren, Zuzeuren eta IRUTXULOKO HITZAren babesarekin.
Trailerra hemen ikusgai: