Bera Berako Mariane Fernandesek arrazakeria kasu bat pairatu du Munichen
Joan den asteburuan Bera Berak Errumanian jokatu zuen Europa ligako kanporaketa partida bat, Ramnicu Valcearen aurka. Partida galdu ostean, igandean itzulerako bidaian zeudenean, Municheko (Alemania) aireportuan Alemaniako Poliziak Mariane Fernandes jokalari brasildarra geratuarazi zuen minutu batzuez, taldeko gainontzeko kideek kontrola igaro ostean. Bigarren hegaldia hartu behar zuten unean, jokalariak konturatu ziren Fernandes eta Imanol Alvarez entrenatzailea falta zirela. Handik minutu batzuetara Alvarez bakarrik itzuli zen, eta jokalariei adierazi zien poliziak Fernandes geratu zutela.
Poliziak jarri zuen aitzakia Fernandesek Alemanian sartzeko paperak ez zituela izan zen; hau, baina, ez zen egia, handik minutu batzuetara hegaldia hartzen utzi baitzioten Fernandesi. Jokalaria itzuli aurretik, taldeko ordezkariak hegazkin konpainiarekin jarri ziren harremanetan, arazoari irtenbide bat bilatzeko asmotan. Fernandesen ahizpa izan da gertakari hau salatu duena, eta bere hitzen arabera, bi poliziekin batera itzuli zen taldekideengana, negar batean.
Jokalariak berak, Instagram bidez, eskerrak eman dizkio elkartasun mezua bidali dion orori, eta ondorengoa gehitu du: “Egunen batean libre izango garela espero dut. Joateko eta itzultzeko eskubidea izatea, sartzeko eta irteteko, izan aireportuan, dendetan edo jatetxeetan. Bakoitzaren lekua bakoitzak nahi duena da! Ixilik nahi gaituzte, baina ez dute lortuko! Mundu hobeago batean bizitzeko borrokan jarraituko dugu, inork ez dezan nik bizitakoa bizi!”.