Eusko Jaurlaritzak COVID ziurtagiria ezartzeko baimena eskatuko dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari
Eusko Jaurlaritzak pandemiaren “bilakaera negatiboari” aurre egiteko neurri berriak hartu ditu; Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenaren arabera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari leku zehatz batzuetan COVID ziurtagiria eskatzeko baimena eskatuko dio Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, Sagarduiren hitzetan koronabirusaren olatu berri hau “ez-txertatuen olatua” da, eta horri aurre egin behar zaiola adierazi du. Hau dela eta, diskoteketetan, kontzertuetan eta 50 pertsonako edukiera edo handiagoa duten ostalaritza zerbitzuetan COVID ziurtagiria eskatu nahi du Eusko Jaurlaritzak.
Bestalde, 5.000 biztanle baino udalerri handiagoetan eta intzidentzia metatua 150etik gorakoa den herrietan ere murrizketak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Urriaren 6an Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri prebentiboak bete ezin diren jarduerak bertan behera utzi edo atzeratu egin beharko dituzte udal agintariek. Bestalde, neurriak zorroztuko dituzte; adibidez, jende asko elkartzen den lekuetan trantsiturako pasilloak ezarriko dira. Gainera, buletin epidemiologikoa astelehenean eta ostegunean egingo da hemendik aurrera.
5.000 pertsonako edukiera edo handiagoa duten espazio itxietan edukiera %80ra jaitsi beharko da, eta ostalaritza zerbitzuak ez direnetan, ekitaldi kulturaletan edo kirol ikuskizunetan, adibidez, ezingo da jatekorik eta edatekorik kontsumitu ezta saldu ere, ura ez bada.
Donostiak atzo gainditu zuen intzidentzia metatuaren 150eko langa, eta bilakaerak berdin jarraituz gero, aipatutako neurriak bete beharko dituzte udal agintariek.