Hirian beste hamar bat hotel jartzeko lizentzia eskaerak aztertzen ari da udala
Udal batzordeetan hiriko ostalaritza eskaintzari buruz hitz egin zuten atzo. Noticias de Gipuzkoa egunkariak jaso duenez, EH Bilduko Ricardo Burutaran zinegotziak udal gobernuari hotelen ugaritzearen inguruan galdegin zion udal gobernuari. Gaur egun, Hirigintza saila hotelak eta ostatuak jartzeko hamar bat eskaera aztertzen ari dela esan zuen Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek.
Datuak ere eman zituen Arzallusek. 2016tik hona 45 hotel eta ostalaritza zerbitzu ireki dira Donostian –3.600 logela–. Arzallusek Hirigintza sailaren ardura hartu zuenetik bederatzi hotel berri zabaldu dira hirian. Guztira, berriz, Donostian 192 ostatu daude –11.272 logela–.
Arzallusek nabarmendu zuenez, hotel berriak jartzeko proposamenak baztertzen ari dira, udalaren ustez hirian ostatu kopuru nahikoa dagoelako. Horrekin batera, Hirigintza zinegotziak adierazi zuen Plan Berezi bat beharrezkoa dela orain bizitegi eraikin bati hirugarren sektoreko erabilera emateko. Dena dela, Arzallusek aitortu zuen hirugarren sektoreko erabilera duten lursailetan –Eskusaitzeta industrialdean eta Belartza Goikoan, esaterako– hotela jartzeko aukera dutela promotoreek.