Juan Karlos Herrador preso donostiarra Euskal Herriratuko dute
Espainiako Espetxe Erakundeek beste lau euskal preso Euskal Herriratuko dituztela jakinarazi dute, tartean, Juan Karlos Herrador donostiarra. El Dueson dago gaur egun Herrador (170 kilometro), eta Basaurira eramango dute. 2009tik dago preso, hemeretzi urteko zigorra betetzen, eta iazko irailera arte Ocaña I-en (520 kilometro) egon zen. Orduan, El Duesora lekualdatu zuten.
Euskal Herriratuko dituzten beste hiru presoak hauek dira: Santi Aragon Logroñotik (137 kilometro) Martutenera, eta Josu Ginea eta Iker Lima Leondik ( 370 kilometro) Basaurira. Berria egunkariaren zenbaketaren arabera, lau Euskal Herriratze hauekin eta iragarrita dagoen beste batekin, 77 euskal preso izango lirateke Euskal Herriko espetxeetan egongo liratekeenak. Era berean, Frantziako Estatuko kartzeletan 22 euskal preso daude, eta Espainiako Estatukoetan 106.