Urumea garbituko dute asteburuan
Beste hainbatetan egin duten moduan, Arrauning elkarteak eta Donostiako Udalak garbiketa saio bat antolatu dute larunbaterako Urumea ibaian. Arrauning elkartearen kanoetan egingo dute garbiketa saioa, eta aurretik izena eman behar da, ingurumena@donostia.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita, izen-abizenak, telefono zenbakia eta NAN zenbakia adierazita; 943-48 33 90 telefonora ere deitu daiteke. 10:30ean aterako dira, Loiolatarra kaleko 9. zenbakitik, eta aldatzeko arropa eraman behar da. Plaza kopurua mugatua da.
“Jarduera honen helburua naturan agertzen den hondakin kopurua murriztea eta gure ingurumena zaintzea da. Aurten hainbat edizio egin dira, horietako batzuk herritarrentzat oro har irekiak, hala nola larunbat honetakoa eta beste batzuk ikastetxeentzat”, adierazi du Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak.