Turistifikazioaren inguruko eztabaida saioa antolatu dute BiziLagunEkin plataformak eta Emaus Fundazioak
BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren aldeko plataformak, eta Emaus Fundazioak turistifikazioaz eta bere aurrean herritarrek egin dezaketenaz eztabaidatzeko saioa antolatu dute azaroaren 24erako, ‘Hiria eta eraldaketa soziala’ zikloaren barruan.
Antolatzaileen hitzetan, turismo jarduera “pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, lehengo bultzada eta norabidea berreskuratzen ari da”. Herritarren bizitzeko modua baldintzatzen duen fenomenotzat jotzen dute: “Jarduera turistikoak hiriko ekonomian duen pisua, politika publikoak erabakitzean duen eragina, etxebizitzaren merkatuan sortzen duen desoreka, ingurune naturalarengan duen presioa, eskaintzen dituen lan-baldintzak eta beste hainbat ondoriok, kaleak betetzen dituzten turista-taldeez haratago, argi uzten dute herritarren bizitzeko modua zeharkatzen duen fenomenoa dela”.
“Erakunde eta hedabideen” turismoaren inguruko diskurtso “eztabaidaezinaren” aurrean, herritarren eta ondorioak salatzen dituzten mugimenduen artean, eztabaida zabalik dagoela nabarmendu dute. Hala, eztabaida horri helduko diote solasaldi honetan, eta talde, elkarte eta norbanakoei parte hartzeko gonbidapena egin diete. Saioa 18:00etatik 20:o00etara izango da Emaus Social Factory eraikinean, Mundaiz pasealekuko 6. zenbakian. Izena emateko j.marquez@emaus.com helbidera idatzi behar da.