Udal lorategietan sobran dauden lore eta landareak oparituko dituzte
Udal lorategietatik une jakin batean kentzen diren lore eta landareak aprobetxatzeko egitasmoa jarriko du abian Donostiako Udaleko Ekologia sailak. Orain arte konposta egiteko erabiltzen ziren.
Noizbehinka udalak lore multzoak kendu eta lore berriak landatzen ditu. Izan ere, udaberriaren edo neguaren etorrerarekin, garaiko espezie indartsuagoak eta egokiagoak jartzen dituzte.
Marisol Garmendia sozialisten ordezkariak adierazi duenez, “esperientzia pilotu bat da Donostian, ekologiarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotuta dagoena”. Lorategi apaingarrietatik kentzen diren loreak eta landareak doan banatuko zaizkie nahi duten herritarrei, beren etxeetan birlandatu ahal izan ditzaten eta, horrela, lorategien bizitza luza dezaten.
Banaketak 10:00etatik 13:00etara egingo dira, lore eta landareak agortu arte. Azaroaren 19an Ondarretako lorategian egingo da. Hilaren 22an eta 23an Bulebarrean eta Okendo kalean, eta 24an, Easo plazan eta Amara Plaza hotelaren aurrean. Hala ere, eguraldi txarraren ondorioz banaketa egunak alda daitezkeela adierazi du udalak.
5.000 landare inguru banatuko dira guztira, baina presio meteorologikoagatik edo zapalduak izan direlako edo zikloa amaitu dutelako baldintza egokietan ez daudenak ez dira banatuko. Zohikatzezko edalontzi biodegradagarrietan eta ehun birziklatuko poltsa batean emango dira.