Boluntarioek urtebete daramate etxegabeentzako afariak banatzen
Duela urtebete, 2020ko azaroaren erdialdean, Parte Zaharreko bizilagun gutxi batzuk Konstituzio plazan lo egiten zuten pertsona talde txiki bati afari beroak eramaten hasi ziren, behintzat egunean behin otordu bero bat izan zezaten. Pixkanaka, otordu bero horren beharra zuten pertsona gehiago joaten hasi ziren afari banaketara, eta, urtarrilerako, 25-30 pertsonarentzako afariak banatzen hasi ziren. Otordu guztiak, noski, herritar boluntarioek euren etxeetan prestatzen zituzten. Orduan, laguntza deialdi bat zabaldu zuten boluntarioek, eta Egian beste sukaldari eta afari banatzaile talde bat sortu zen, horrela egunero bi banaketa puntu egon zitezen. Hedabide honek erreportaje zabala osatu zuen garai hartan, bi boluntario sareekin, afariak jasotzen zituzten hainbat pertsonarekin eta udalarekin hitz eginda.
Orain, urtebete pasa ondoren, Parte Zaharrean 35 afari banatzen dituzte batez beste egunero, eta Egian 65. Hau da, batez beste, egunero 100 afari banatzen ari dira, Agus Rodriguez Parte Zaharreko boluntarioaren arabera. Hain zuzen, urteurrenaren harira, gaiari “ikusgarritasuna emateko” eta egoera zein den gogorarazteko, prentsaurreko bat eskainiko dute boluntarioek igandean, hilaren 21ean, Konstituzio plazako arkupeetan.