Hegaztiek Antondegi gustuko dute
Asko hitz egin da Antondegik duen balio naturalaz, eta, bereziki, ornitologikoaz. Ordea, zergatik da horren eremu baliotsua? Eta, han eraiki nahi duten surf parkeak zenbateraino jartzen du arriskuan balio hori?
Asko izan dira azken urtean Antondegin agertutako hegaztiei buruz hainbat hedabidetan argitaratutako albisteak; izan ere, sai beltzak, sai zuriak, urretxoriak, elano urdinak eta beste hainbat hegazti ezohiko agertu baitira. Hain zuzen, Itsas Enara Ornitologia Elkartearen datuen arabera, 117 hegazti espezie behatu dituzte Antondegiko eremua erabiltzen: batzuek habiak egiteko erabiltzen dute –Donostian hegazti habiagile gehien dituen eremuetako bat da–, beste batzuek atseden hartzeko eta beste batzuek elikatzeko. Era berean, asko hitz egin da Martuteneko eremu natural horren balio naturalaz, eta, bereziki, ornitologikoaz. Ordea, zergatik da horren eremu baliotsua? Eta, han eraiki nahi duten surf parkeak zenbateraino jartzen du arriskuan balio hori?
Hedabide honek luze eta zabal jorratu du gaia aste honetan, eta erreportaje osoa, hegazti askoren argazkiekin, bihar, hilaren 19an, irakurri ahal izango da osorik, astekarian zein webgune honetan. Bi adituk hartu dute parte erreportajean: Itsas Enarako Xabier Saralegik eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia saileko zuzendari Juan Arizagak. Biek ala biek, Antondegiko ekosistemaren garrantzian jarri dute fokua: “Donostiako landazabaleko eremu guztiaren barruan, espezie habiagile ugari atzeman ditugu, eta, bereziki, atzeman dugu Antondegikoa dela udalerrian espezie habiagile gehien dituen eremuetako bat”, nabarmendu du Arizagak.
Ildo beretik jo du Saralegik: “Donostiako gerriko berdean kokatuta dago, eta, beraz, nolabaiteko lotura du Lau Haizetarekin, esaterako. Horrela, eremu berde zabal bat sortzen da, eta espezie askok eskertu egiten dute hori”. Era berean landazabaleko ekosistemaren garrantzia nabarmendu du: “Mosaiko motakoa da, eta horrek esan nahi du baso txikiak, baratzeak, sasiak, belardiak, eta horrelako eremuak biltzen dituela; faunak hori eskertzen du. Gainera, landazabala desagertzen ari da Euskal Herrian. Hain zuzen, gaur egun Donostian gelditzen den tamaina eta kalitate handiko landazabal bakarra da Antondegikoa”. Era berean, antzandobi arruntak Antondegin umatzen duela nabarmendu dute. Izan ere, landazabalaren kalitatea neurtzeko, espezie horren presentzia erabiltzen da bioadierazle gisa: “Lehen Igeldon eta beste hainbat tokitan umatzen zuen, baina, gaur egun, soilik Antondegin. Aurten, hiru bikote atzeman ditugu, eta baliteke lauzpabost egotea guztira”, azaldu du Saralegik.
Surf parkea
Wavegarden enpresak Antondegin egin nahi duen surf parkeak han izan dezakeen eraginaren inguruan ere mintzatu dira erreportajean. Saralegik, esaterako, honakoa azaldu du: “Udalak 6,2 hektarea aurreikusten ditu surf parkea bera eraikitzeko eta beste 2,8 hektarea sarbide berriak eraikitzeko. Hau da, guztira bederatzi hektarea hartuko lituzke proiektuak. Antondegik 97 hektarea ditu, eta horietatik bederatzi hektarea artifizializatzea ez da gutxi”. Ekosistema “zatituko” litzatekeela ere nabarmendu du: “Eremuaren goikaldean kokatuko lukete, eta, gainera, erdigunean, hegaztientzako erakargarriena den zonan. Horrek esan nahi du ekosistema zatitu egingo litzatekeela; ekosistemaren degradazioa esanguratsua izango litzateke. Horri gehitu behar zaio pertsonen eta ibilgailuen zirkulazioaren areagotzea, hori bereziki kaltegarria baita hegazti migratzaileentzako eta landazabalekoentzako: oso mehatxatuta dauden miru gorriarentzako eta antzandobiarentzako, adibidez”.