Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean mobilizatzeko deia egin du Donostiako Asanblada Feministak
Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta kalera ateratzeko deia egin du Donostiako Asanblada Feministak. 19:30ean abiatuko da manifestazioa Bulebarretik, eta Indarkeriarik gabeko bizitzak orain! leloa izango du.
Ohar bidez adierazi dute, “indarkeria matxistaren mila formak legitimatzen dituzten alderdi politiko horiek Euskal Herritik urrun daudela”, eta indarkeria matxistaren prebentziorako eta arretarako zerbitzuak prekarizatu dituztela. “Zuzentasun politikoaren diskurtsoen atzetik, PNV-PSOEko gobernuak jada kaskarrak ziren berdintasunerako politika publikoak okertu dituzte, Emakunderen degradazioarekin, esaterako”.
Donostiako Emakumeen Etxearen kasuak adierazitakoa argi erakusten duela azaldu dute: “11 urte daramatzagu Emakumeen Etxerako espazio egoki bat eskatzen, eta Udalak beste erakunde batzuei lurrak eta ekipamenduak ematen dizkien bitartean, mugimendu feministarentzako funtsezkoa den ekipamendua ukatzen digu”. Asanbladako kideek ez dute “udalaren aurpegi garbiketa” onartzen, “norbanakoon ahalduntze eta jabekuntzarako eta feministon antolakuntzarako oinarrizkoa den Emakumeen Etxe duin bat ukatzen jarraitzen duen bitartean”.
Nabarmendu dutenez, azaroaren 15a ez da ospakizun eguna, feminismoek indarkeria matxisten aurrean ehuntzen dituzten eguneroko erresistentzia guztiak agerian uzten dituen borroka eguna baizik. Borroka horretan, antolaketa feminista beharrezkotzat jotzen dute, eta haiekin batera antolatzeko eta borrokara batzeko deia zabaldu dute.