Kaioa tabernak ez du igandeko elkarretaratzean parte hartuko
Egiako Gazte Asanbladak elkarretaratzera deitu du iganderako. 12:00etan Blas de Otero plazan izango da. Hasiera batean, Kaioa tabernarekin batera egin zuten deialdia. Lapurretak eta mehatxuak pairatu dituen establezimenduetako bat da. Dena dela, azken unean elkarretaratzean ez parte hartzea erabaki dute.
Sare sozialen bidez eman dute erabakiaren berri: “Ez ditugu gauzak nahastu nahi. Ez dugu iraganera itzuli nahi, institutu garaira, ostiraletan greba egiten genuenean. Gertatzen dena bizilagunen segurtasun faltara mugatzen da. Eta bizilagunen aurrean erakundeek albo batera begira daudela. Baita ere, baliabiderik ez duten migratzaile sektore jakin bati. Gauzak argi eta txokolatea lodi”. Gerora aldatu egin dute adierazpena Instagram sare sozialeko kontuan.
Gazte Asanbladak deialdia mantendu du
Auzoan azkenaldian izan diren «lapurretak, mehatxuak eta bortizkeriak» salatu ditu gazte asanbladak. Horrekin batera, «hedabideek sortutako diskurtso erreakzionario eta arrazistak gogor» kritikatu dituzte. Gazte asanbladaren ustez, gertaturikoa «egun bizi dugun proletarizazio prozesuaren ondorio» da: «Pobretze eta bizitzaren garestitze orokor baten aurrean aurkitzen gara langileok: soldata jaitsiera, laguntza publiko eza, argindarraren prezioaren gorakada, alokairu neurrigabeak (Donostian bereziki) eta abar luze bat». Gaineratu dutenez, «kontrol sozialaren areagotzea eta polizialaren presentzia ez dira sekula arazo honen irtenbidea izango».