Musikenek programazio bereziarekin ospatuko du hogeigarren urteurrena
Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak, 2021-22 ikasturte honetan hogeigarren urteurrena ospatuko du. 2001eko azaroaren 6an hasi ziren eskolak Miramar Jauregian, eta urte hauetan zehar nazioartean erreferentziazko leku gisa sendotu da. Gaur egun, Gipuzkoako unibertsitate campusaren ondoan dago eraikina. 400 ikasletik gora eta 168 irakasle ditu, Gradu, Master eta Graduondoko ikasketa ofizialetan.
Ikasturte honetan, euskal musikaren ondarea berreskuratzean eta zabaltzean duen presentzia indartuko du, ikerketari ere arreta berezia eskainiz. Urteurrena ospatzeko, Musikenek kontzertu bereziak egingo ditu 2021-22 ikasturtean zehar. Gaur goizean Musikenen Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoa eta Adolfo Moraise Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea elkartu dira egitaraua aurkezteko.
Nabarmentzeko ekitaldien artean, Musikene Orkestra Sinfonikoak azaroan, otsailean eta maiatzean egingo dituen hiru topaketa aipatu dituzte. Azarokoa asteburu honetan hasiko da, Musikene Orkestra Sinfonikoak bi kontzertu emango ditu Donostiako Orfeoiarekin eta José Antonio Sainz Alfaro bere zuzendariarekin, Dvoraken Stabat Mater interpretatuz.
Urteurreneko ekitaldi nagusia, otsaileko topaketan izango da eta berezia izango dela azaldu dute: Korean bizi den Unai Urrecho euskal maisuaren zuzendaritzapean diseinatu da egitaraua, beren urteurrena ospatzen duten euskal konpositoreen musika biltzen du (Guridi, Sorozabal, Escudero eta Madina).
Bestalde, Musikeneko Big Bandak eta Leioako San Juan Bautista abesbatzak bi kontzertu eskainiko dituzte. Duke Ellingtonen Sacred Concert obra joko dute Perico Sambeatek zuzenduko du taldea, eta Basilio Astulezek abesbatza.
Ekitaldi eta kontzertuez gain, Carmelo Barnaola musikariari eskainitako disko bat argitaratuko dute, haren La celestina eta Galatea, Rocinante y Preciosa lanak jaso dituzte, Barnaolaren ikasle Zuriñe F. Gerenabarrenak haren omenez konposatutako obra batekin batera.
Iñargak azaldu duenez, ikastegiak nazioartean duen presentzia indartu nahi du: “Nazioarteko mugikortasunean ditugun egitasmoez gain, ikasturte honetan lankidetza dugu Parisko Ensemble Intercontemporain talde entzutetsuarekin, eta ekainean PRIhME proiektuaren kongresua hartuko dugu Europako beste bederatzi ikastegiren parte-hartzearekin”.
Era berean, Moraisek ondorengoa nabarmendu du: “Musikene erreferentzia bihurtu da goi- mailako musika-prestakuntzan, musika-ikerketan, ezagutzaren gizarterako transferentzian, ezagutzaren zabalkundean eta Made in Euskadi – Basque Country musikaren tokiko eta nazioarteko proiekzioan. Hori guztia eskertu behar zaie proiektua gidatu duten pertsonei, bai eta bide luze horretan lagundu duten gainerako pertsonei ere”.
Urteurreneko ekitaldi eta egitarauen inguruko informazioa Musikeneren webgunean izango da ikusgai.