Antondegi: hegaztiak nonahi
Wavegarden enpresak urte hasieran Antondegin surf parke bat jartzeko proiektua berpiztu zuenetik, asko hitz egin da Martuteneko eremu natural horri buruz, besteak beste, surfaren munduko, gizarte arloko eta arlo naturzaleko eragile ugari aurka mobilizatu direlako. Proiektuari aurre egiteko arrazoien artean, asko errepikatu da honakoa: Donostian gelditzen diren eremu natural bakanetako bat dela, eta balio ornitologiko handia daukala. Hain zuzen, azken urtean publiko egin dira eremuan ikusitako hegazti askoren irudiak. Baina, zeintzuk dira handik dabiltzan hegaztiak? Zergatik da hain baliotsua eremua?
“Sai zuri bat Antondegin”, “Sai beltz bat Antondegin”, “Berdantza miarritzak Antondegin”, “Elano urdin bat Antondegin” edo “Urretxoriak Antondegin”. Tankera horretakoak izan dira azken hilabeteotan hedabide honek eta beste hainbatek argitaratu dituzten albiste askoren titularrak. Izan ere, Wavegarden enpresak urte hasieran Martuteneko Antondegi eremu naturalean olatu artifizialen instalazio bat jartzeko proiektua berpiztu zuenetik berez, 2017tik dago mahai gainean, herritar askok eta hainbat arlotako eragileek han jarri dute fokua. Elkarte naturzaleak izan dira proiektuaren aurka modu oso aktiboan agertu diren eragileetako batzuk, bereziki, ornitologia arlokoak; Itsas Enara eta SEO Birdlife, esaterako. Izan ere, udalerrian urbanizatu gabe gelditzen diren eremu bakanetako bat da Antondegi, eta aspalditik zen ezaguna txorizaleen artean, askotariko hegaztiak ikusteko aukera baitago. Hain zuzen ere, Itsas Enara Ornitologia Elkartearen datuen arabera, 117 espezie behatu dituzte orain arte Antondegiko eremua erabiltzen: batzuek umatzeko erabiltzen dute, beste batzuek atseden hartzeko eta beste batzuek elikatzeko.
Itsas Enarako Xabier Saralegik azaldu duenez, beraiek 2015ean hasi ziren Antondegin behaketak egiten eta ornitologia plataformetan behatutako hegazti espezieak erregistratzen, baina “duela bi urte” hasi ziren sarriago joaten: “Guk bagenekien hegaztiak eta bestelako animaliak ikusteko leku aproposa zela ekosistemaren ezaugarriengatik, baina pixkanaka jabetu ginen benetako balioaz, espezieak ikusi ahala. Azkenaldian, gutxienez astean behin joaten ari gara behaketak egitera, bai Itsas Enarakoak eta bai SEO Birdlifekoak”. Era berean, gaur egun Antondegin ehizatzea debekatuta badago ere, garai batean posible zen, eta Saralegiren arabera, ehiztarien artean ere ezaguna zen lekua, “baso oilar txikiak, frankolin handiak, tortolak eta bestelakoak ehizatzeko toki ona zelako”.
Aranzadi Zientzia Elkarteak ere, eremuaren balio ornitologikoa aspalditik ezagutzen zuen, Aranzadiko Ornitologia saileko zuzendari Juan Arizagaren arabera: “Urte asko daramatzagu Antondegin behaketak eta azterketak egiten, hamarkada bat baino gehiago. Izan ere, hegaztiei gauez eraztunak jartzeko kanpaina bat daukagu abian”. Era berean, gaineratu du Antondegira joaten hasi zirenean handik ez zebilela “ia inor”. Ordea, “olatu parkearen proiektuari buruz hitz egiten hasi zirenetik”, hegazti behatzaile gehiago joaten direla sumatu dute: “Gaur egun, erregulartasunez hara joaten den behatzaile kopuru esanguratsu bat dago, eta hori ere ona da, noski”.
Zergatik da hain baliotsua?
117 hegazti espezie behatu dituzte Antondegiko eremua erabiltzen, eta horrek agerian uzten du zona baliotsua dela biodibertsitatearen eta ornitologiaren ikuspegitik. Gainera, Aranzadik Donostiako Hegazti Habiagileen Atlasa kaleratu berri du udaleko Ingurumen sailarekin eta Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean, eta Saralegik azaldu duenez, Aranzadiren datuek diote 46 espeziek egiten dituztela habiak Antondegin atlasean 91 espezie daude guztira. “Donostiako landazabaleko eremu guztiaren barruan, espezie habiagile ugari atzeman ditugu, eta, bereziki, atzeman dugu Antondegikoa dela udalerrian espezie habiagile gehien dituen eremuetako bat”, nabarmendu du Arizagak. Hala ere, Aranzadiko ornitologoak zehaztu du balioa ez dela soilik Antondegikoa: “Balio partekatua dauka inguruko eremu naturalekin: Ametzagañarekin, eta San Markoseraino heltzen den landazabalarekin”.
Ildo beretik jo du Saralegik: “Donostiako gerriko berdean kokatuta dago, eta, beraz, nolabaiteko lotura du Lau Haizetarekin, esaterako. Horrela, eremu berde zabal bat sortzen da, eta espezie askok eskertu egiten dute hori”. Era berean landazabaleko ekosistemaren garrantzia nabarmendu du: “Mosaiko motakoa da, eta horrek esan nahi du baso txikiak, baratzeak, sasiak, belardiak, eta horrelako eremuak biltzen dituela; faunak hori eskertzen du. Gainera, landazabala desagertzen ari da Euskal Herrian. Hain zuzen, gaur egun Donostian gelditzen den tamaina eta kalitate handiko landazabal bakarra da Antondegikoa”. Ildo horretatik, antzandobi arruntak Antondegin umatzen duela nabarmendu dute bi adituek. Izan ere, landazabalaren kalitatea neurtzeko, espezie horren presentzia erabiltzen da bioadierazle gisa: “Lehen Igeldon eta beste hainbat tokitan umatzen zuen, baina, gaur egun, soilik Antondegin. Aurten, hiru bikote atzeman ditugu, eta baliteke lauzpabost egotea guztira”, azaldu du Saralegik.
Bestalde, Antondegiko eremua horren baliotsua izateko bi arrazoi gehiago nabarmendu ditu Itsas Enarakoak. Alde batetik, urbanizatu gabe dagoela: “Hiruzpalau etxe baino ez daude, eta, beraz, oso jende eta ibilgailu gutxi dabiltza Antondegitik: han bizi direnak, gu bezalako txorizale batzuk eta txangozale gutxi batzuk”. Bestetik, eremuaren kokalekua aipatu du: “Puntu altu batean dago, eta hegazti migratzaile askok puntu altuak erabiltzen dituzte atseden hartzeko, halakoetan seguru sentitzen direlako”.
Eremua bezain baliotsuak dira hango hegaztiak
Antondegira hegaztiak behatzera joatean, edozer gauza gertatu daitekeela kontatu du Saralegik: “Nahiko finkoak diren hegazti batzuk daude, askotan ikusten direnak. Beste batzuk, aldiz, neguan, migrazio pasean edo udan soilik ikusten dira. Batzuetan ezustekoak ere izaten dira, eta hegazti ezohikoak ikusten ditugu. Azken ezustekoa, esaterako, duela pare bat aste izan genuen, 30 atalar inguruko talde bat ikusi genuenean. Nik neuk ikusi nituen, eta ikusgarria izan zen. Gainera, surf parkea eraiki nahi duten eremuan ikusi nituen”.
“Antondegin badaude udalerrian oso urriak diren espezie habiagile batzuk, eta, oro har, zona kantauriarrean gainbeheran daudenak, landazabaleko eremuekin harreman oso estua dutelako. Adibidez, antzandobi arrunta da espezie horietako bat”, gehitu du Arizagak. Miru beltzaren presentzia ere nabarmendu du: “Udalerri osoa aintzat hartuta, Antondegikoa da espezie horrek habia egiteko erabiltzen duen eremu bakarretakoa”. Horrez gain, mehatxatutako beste hainbat espezie ere handik dabiltzala nabarmendu du Saralegik: “Arrano txikia, miru gorria, zapelatz liztorjalea, atalarra, zuhaitz belatza, eta inguruko abereren bat hiltzen denean gerturatzen diren nekrofagoak: aurten, esaterako, sai zuri bat ikusi dugu”. Sai zuriaz ere mintzatu da Arizaga: “Antondegin agertu zenak ardi hil bat ikusi zuen, eta hainbat egun eman zituen inguruan, jaten eta, segur aski, artilea hartzen, bere habiarentzat. Ordea, ez du Antondegin umatzen. Baina argi dago Antondegin ez balitz landazabala egongo, sai zuria ez litzatekeela jaitsiko, Antso Jakitunaren hiribidera, esaterako, ez delako jaisten”.
Pertsonalki, aldiz, honakoak izan dira Antondegin ikusitako hegazti berezienak Itsas Enarakoarentzat: “Niretzat, elano urdina izan zen bereziena. Ikaragarria izan zen, espezie horrek Gipuzkoan negua pasatzen zuen lehenengo aldia zelako. Gainera, oso hegazti polita da estetikoki. Aipatzekoa da ere sai beltza: hori ere ikusgarria izan zen, hiru metrora ikusi baikenuen, eta Euskal Herrian oso gutxitan ikusten baita. Basoiloa ere berezia izan zen. SEO Birdlifeko kide batek bikote bat ikusi zuen Antondegin, eta bost hamarkadatan Gipuzkoan ikusten zen lehenengo bikotea zen. Baita ere, duela gutxi berdantza miarritzak ikusi ditugu, eta hori oso leku gutxitan ikusten da Gipuzkoan”.
Ugaztunentzat ere baliotsua da
Hegaztiak ez ezik, Euskal Herrian ohikoak diren ugaztunak ere badabiltza Antondegin, eta Itsas Enarakoak inbentario bat egiten ari dira: “Momentuz, hemezortzi ugaztun espezie erregistratu ditugu. Azkonar asko daude, adibidez. Horrez gain, azeri, lepazuri, katajineta eta erbiñude asko dabiltza. Era berean, hiru saguzar espezie identifikatu ditugu. Basurdeak eta orkatzak ere noizbehinka sartzen dira, eta urtxintxak, arratoiak eta muxar grisak ere badabiltza. Bestalde, aspaldi basakatu bat ikusi zuten, duela hamar bat urte”, azaldu du Saralegik.
Hala ere, garai batean baino ugaztun gutxiago ikusten direla deitoratu du Itsas Enarakoak: “Orain errepide bat egiten ari dira 27 Industrialdea eta Astigarraga lotzeko, eta horrek Antondegiren eta Lau Haizetaren arteko lotura degradatuko du. Hain zuzen, azken hamarkadotan beste hainbat errepide egin dituzte inguruan, eta, horregatik, Antondegiko bizilagunek esan izan digute lehen animalia gehiago ikusten zirela; basurdeak eta orkatzak, esaterako”.
Surf parkearen eragina
Antondegiko landazabaleko ekosistema eta bertako biodibertsitatea, ordea, non geldituko dira surf parkea eraikitzen badute? Saralegi eta Arizaga ez dira oso baikorrak.
“Udalak 6,2 hektarea aurreikusten ditu surf parkea bera eraikitzeko eta beste 2,8 hektarea sarbide berriak eraikitzeko. Hau da, guztira bederatzi hektarea hartuko lituzke proiektuak. Antondegik 97 hektarea ditu, eta horietatik bederatzi hektarea artifizializatzea ez da gutxi”, kritikatu du Itsas Enarakoak. Ekosistema “zatituko” litzatekeela ere nabarmendu du: “Eremuaren goikaldean kokatuko lukete, eta, gainera, erdigunean, hegaztientzako erakargarriena den zonan. Horrek esan nahi du ekosistema zatitu egingo litzatekeela; ekosistemaren degradazioa esanguratsua izango litzateke. Horri gehitu behar zaio pertsonen eta ibilgailuen zirkulazioaren areagotzea, hori bereziki kaltegarria baita hegazti migratzaileentzako eta landazabalekoentzako: oso mehatxatuta dauden miru gorriarentzako eta antzandobiarentzako, adibidez”.
Ildo beretik jo du Arizagak: “Segur aski, proiektuak eragin negatiboa izango luke Antondegin, kontserbazioaren eta biodibertsitatearen ikuspegitik. Azken finean, proiektuaren arabera, gaur egungo habitat naturalaren zati handi bat desagertu egingo litzateke, eta lurzoru urbanizatua jarriko lukete horren ordez”. Horrez gain, zera gaineratu du: “Esango balute ere neurri konpentsatzaileak hartuko lituzketela, ez da hain erraza. Izan ere, suntsitzen ari zarena ez da baso bat, landazabala da. Eta beste zona batean landazabala erreproduzitzea ez da zuhaitzak landatzea bezain erraza. Ornitologiaren eta biodibertsitatearen ikuspegitik, gero eta landazabal eremu gutxiago urbanizatu, orduan eta hobeto”.
Hiri honek bere azken naturaguneei estimurik badie, adituen hitzei jaramon egingo die, etorkizuneko albisteen titularrak “Sai beltz bat Antondegin”, “Berdantza miarritzak Antondegin”, eta horrelakoak izaten jarraitu dezaten, “Surf parke bat Antondegin” izan beharrean.
Zapelatz liztorjalea, argi oilarra, tuntun arrunta, istingor arrunta, gerri txori arrunta, arrano txikia, zingira mirotza, atalarra, antzandobi kaskagorria, antzandobi arrunta, zuhaitz belatza, sai zuria, hegatxabal arrunta, pirripioa, eskinosoa, hegabera, enara azpizuria, haitz enara, uhalde enara, basoilo handia, aztore arrunta, uda txirta, negu txirta, sai arrea, sai beltza, zapelatz arrunta, gailupa, urubi arrunta, kaskabeltz handia, kaskabeltz txikia, lezkari arrunta, belatz gorria, errekatxindorra, oilagorra, txepetxa, urre txirri arrunta, zata arrunta, zikoina zuria, ihi txoria, galeper arrunta, buztangorri iluna, buztangorri argia, ipurzuri arrunta, belabeltza, kukua, erroia, txinbo kaskabeltza, baso txinboa, ota txinboa, sasi txinboa, elano urdina, berdantza miarritza, mendi berdantza, zingira berdantza, hesi berdantza, gari berdantza, belatz txikia, arabazozo pikarta, koartzatxo txikia, koartzatxo handia, koartzatxo itzaina, koartza hauskara, gabirai arrunta, kaio hankahoria, kaio iluna, enara arrunta, etxe txolarrea, landa txolarrea, kurrilo arrunta, belatz handia, amilotx mottoduna, amilotx urdina, karnaba, tarina, buztanikara zuria, larre buztanikara, buztanikara horia, hontz zuria, miru beltza, miru gorria, zozoa, buztanluzea, txio arrunta, txio iberikoa, txio horia, urretxoria, haitz usoa, pagausoa, txoloma, euli txori arrunta, euli txori grisa, txoka arrunta, txantxangorria, okil beltza, mokolodia, okil txikia, okil handia, negu txonta, txonta arrunta, okil berdea (iberikoa), erregetxo bekainzuria, mendi erregetxoa, urretxindor arrunta, txirriskila arrunta, pitxartxar burubeltza, pitxartxar nabarra, lepitzulia, usapala, turkiar usapala, garrapoa, mika, sorbeltz arrunta, txorru arrunta, sasi txori arrunta, birigarro hegal gorria, garraztarroa eta birigarroa.