Donostiako Udalak hiriko mugikortasunaren eredu berria aurkeztu du: 'Datorren Donostia'
Donostiako Udalak hiriko mugikortasunaren eredu berria aurkeztu du: Datorren Donostia. Proposamenak oinezkoen, txirrindularien eta garraio publikoa erabiltzen duten herritarren mugikortasuna hobetzea du helburutzat. Plana eztabaidara eta ekarpenak jasotzera irekita dago eta hurrengo urteetan mugikortasun eskema eraldatzea bilatzen du.
Eneko Goia alkateak eta Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak aurkeztu dute proposamena. Goiak honakoa adierazi du: “Donostiako hiri mugikortasuna eratzeko une garrantzitsuan gaude. Gaur partekatzen dugun proposamena hiriaren berrantolaketa integralerako planteamendu bat da, oinezkoentzako espazioak indartuz, bideak eta garraio publikoa diseinatuz, betiere, Topoaren sarearen handitzea kontuan hartuta”.
Eraldaketa hau modu gradualean eta progresiboan ezarriko da datozen urteetan, nahiz eta dagoeneko hainbat urte badaramatzan martxan. Esaterako, San Martin kalearen itxi da katedralaren aurrealdea oinezkoentzako gune bihurtzeko, Kontxako trafikoa baretzeko bide bat kendu da, edo Kontxa-San Martin eremuko bizikleten bidea.
Inplementatuko diren proposamenak zehaztu aurretik, erakunde, talde politiko eta gizarte eragilekin elkarlanean arituko da Udala, oinarrizko irizpideak definituz eta Mugikortasuneko eta Garraioko Departamentuak proposatutako ereduan aurrera eginez.
Proposamenak ildo nagusi batzuk ditu, eskema orokor bat. Horien artean daude, oinezkoentzako espazioak, udalaren mugikortasun aktiboko politikarekin bat datozen oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak, garraio publikoaren sarea berregitea…
Abiapuntua
Nahiz eta hiriko trafiko ezberdinak diseinatzeko proposamena orokorra den, Mugikortasun Departamentuak abiapuntu zehatz bat hartu du: Alde Zaharreko eta Erdialdeko eremuak proposamen zehatzak diseinatu dituzte. Ondoren, auzo bakoitzaren neurrira egindako proiektu bat landuko da, eta horretarako, auzo bakoitzaren berezitasunak, beharrak eta nortasuna kontuan hartuko dira.
Lehenengo fase horri esker, Bertakoen Lehentasuneko Eremu bat sortu ahal izango da, eta bertakoen eta baimendutakoen ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira. Gainerako ibilgailuek debekatuta izango dute eremu horretarako sarrera. Sistema teknologia berrien erabileran oinarrituko da, adibidez, aparkalekuen erabilera maila denbora errealean ikusteko, eta era berean, kamerak erabiliko dira oinezkoen guneak erregulatzeko eta mantentzeko.
Eskema hori osatzeko egin den lanak hiriaren Erdigunearen eredua eta bide nagusien funtzioak birpentsatzeko balio izan du. Hala, Askatasunaren Hiribideak bidegorria izateko aukera izango luke eta garraio publikoaren bide nagusiena bilakatuko litzateke. Horrenbestez, Boulevardeko trafikoa arinduko litzateke eta hiritarrentzako etorbide handi bat bihurtzea ahalbidetuko luke.
Garraio publikoari dagokionez, Topoaren igarobidea hiriko garraio publikoaren sarearen elementu nagusia bilakatuko da.