Egunerokotasunaren fantasiak

Filma: Wheel of fortune and fantasy
Zuzendaria: Ryusuke Hamaguchi
Urtea: 2021
Herrialdea: Japonia
Baliteke zinema kritikari batek erabil ditzakeen kontzeptuek, filmen bitartekari moduan funtzionatzen duten tresna horiek (halaxe deituko lieke Blumembergek), irudien esperientzia zuzenetik nolabaiteko distantzia inposatzea. Hala ere, badira gehiegi hurbitzen zaizkigun filmak, ia-ia erre egiten gaituztenak, gure eskema mentalak errauts huts bihurtzen dituztenak. Badira benetan sailkaezinak diruditen zinemagileak; beharbada lantzen dituzten gaiak “arruntegiak” direlako, edo kontatzeko erak “hurbilegia” dirudielako apika, distantzia oro ezabatzen dute. Bada, horixe egitea lortzen du Ryusuke Hamaguchik Wheel of fortune and fantasy (2021) filmarekin. Zaila da, beraz, zinemagile japoniarrak sorrarazten duen zurrunbiloa kontzeptuekin atzematea; izenburuan daraman “fantasia” hori besterik ez zaio hurbiltzen, beharbada.
Hiru istoriok osatzen dute triptiko dotorea: Magic (os Something Less Assuring) izeneko lehen istorioan, ustekabean hiru lagunen artean, haiek jakin gabe, sortzen den maitasun triangelu konplexua aurkezten zaigu; Door Wide Open segmentuak, berriz, unibertsitateko maisu bati lan-bizitza zapuzteko ikasle bikote baten konplota kontatzen du (zer esanik ez, bikoteko neskaren sedukzioaren bidez burutu nahi duten plan hori ez da guztiz nahi bezala irtengo); eta azkenik, Once Againen emakume batek bere jaioterrira egiten duen ihesaldia ikusten dugu, bertan aspaldiko lagun berezi batekin ezustean topo egingo du. Hiru istorio laburren bereizgarriak aparte utzita, antzeko eskema narratiboa jarraitzen dute: bi laguneko elkarrizketa eszena luze eta lasaiez daude osatuta, denbora jauzi zabalek tartekatuta askotan, eta filmaren tituluak iradokitzen duen legez, pelikulari magia eta fantasia puntu hori ematen dioten kasualitatezko norabide aldaketa akzidentalez beteta. Horrela, ustekabeak opatzen dituen aukera poetikoei obedituz, Hamaguchik maitasun eta desamodiozko istorio gorabeheratsuak eraikitzen ditu maisuki; pasio erotikoz beteak, baita zalantza eta ezbaiez ere, idealizazioek eta nostalgiak izan dezaketen indarra erakutsiz, frustrazioak, jarrera jeloskorrak, mendeku dinamikak… Laburbilduz, sentipen bizi (eta askotan kontrajarri) ugaridun maitasun harremanak aztertzen ditu.
Goraipatzekoa da elkarrizketek eta aktoreen lan paregabeak duten naturaltasuna. Zen izpiritu hori duten ekialdeko beste zenbait zinemagileren antzera, Hamaguchi ez da inoiz istorioen aukera dramatikoak bortxatzeko tentazioetan erortzen, eta pertsonaien gorabeheretara soiltasun handiz hurbiltzen da, ia-ia kamerak berak pertsonaiei modu terapeutikoan lagunduko balie bezala. Ez da zaila erreferenteak aurkitzea hizketa-film pausatuen sarean, eta Hong Sang Soo da burura datorren lehena (zuzendari korearrari keinu kontzienteak egiten dizkio Hamaguchik, haren zoomak imitatuz). Hala eta guztiz ere, estilo propioa josten du japoniarrak, eta askotan Sang Sooren filmetako elkarrizketen itxurazko arinkeria iradokitzen badu ere, Hamaguchiren aparteko estilo literarioa sakon sartzen da giza arimaren ezbaietan. Horri, lengoaia zinematografikoaren ezagutza bikaina gehitu behar zaio (plano/kontra-planoaren erabilera benetan birtuosoa, eta muntaia xume paregabea). Hori guztia, fantasia ukitu batekin.