"Emaitza hobeak izango ditugu bigarren itzulian"
Joan den astean Realeko hockey taldea Erreginaren kopatik kanpo geratu bazen ere, ligan bizirik jarraitzen du talde txuri-urdinak. Lehen partidetan gaizki ibili zirela dio Julene Sanchez erdilariak (Donostia, 1997), baina taldea geroz eta sendoago dagoela dio. Izan ere, fitxaketa berriak berandu hasi ziren taldearekin entrenatzen, eta taldera egokitzeko fasean harrapatu zituen ligaren hasierak.

Zer moduz hasi duzue denboraldia talde moduan?
Liga ez genuen guztiz ondo hasi, 1-0 galdu baikenuen, Terrassako (Herrialde Katalanak) Egara taldearen aurka. Hala ere, behetik gora joan gara denboraldiaren lehen zatian, eta azken partidetan hobeto ari gara jokatzen. Taldearen egitura hobetuz doa, eta bigarren itzulian emaitza hobeak izango ditugula uste dut.
Izan duzue denboraldia prestatzeko denbora nahikoa?
Bai, ondo prestatu dugu denboraldi berria. Hilabete t’erdiz edo bi hilabetez ibili ginen gogor entrenatzen denboraldi aurrean.
Hala ere, fitxaketa berriak eta kanpoko jokalariak beranduago etorri dira, horregatik kostatu zitzaigun ligaren hasieran gure jokoa aurkitzea. Denok ezagutzen joan behar gara, bakoitzak nola jokatzen duen ikasi behar dugu, eta horrek denbora eskatzen du.
Nola uste duzue joango dela liga?
Lehen esan dudan bezala, emaitza hobeak lortuko ditugula uste dut, eta lauko finalean sartzea dugu helburu. Egia da orain ez gaudela nahi dugun lekuan, baina goranzko norabidean gaude.
Zeintzuk dira arerio gogorrenak?
Club de Campo doa lehenengo ligan, eta Bartzelonako Polorekin eta Sanse Complutenserekin batera, talde indartsua dela esango nuke. Hala ere, maila honetan oso parekatuta egoten dira talde gehienak.
Nola ikusten duzu zure burua?
Nire burua eta taldea orokorrean oso ondo ikusten ditut alor fisikoan. Partidetan ikusten dudanaren arabera, fisikoki talde onena gara ligan. Hala ere, beste talde batzuk, Bartzelonakoak eta Madrilgoak batez ere, teknikoki hobeak dira, eta emaitza hobeak lortzen ari dira horri esker.
Nolatan hasi zinen belar hockeyan?
Txikitan hasi nintzen eskolan, zortzi urte nituela. Donostiako eskola batzuetan, Santo Tomas Lizeoan, Ekintzan eta Zurriolan, esaterako, asko bultzatzen da belar hockeya, eta eskola kirolean probatu nuenean asko gustatu zitzaidan kirola.
Gero, 15 urterekin Realak deitu ninduen, eta bigarren taldean hasi nintzen.
Realan jokatzea ametsa zen zuretzat?
Bai, guztiz. Donostian belar hockeya egiteko zelai bakarra dago, eta txikiak ginenean Realeko jokalarien ondoan entrenatzen genuen. Erreferente izateaz gain, egunero ikusten genituen, eta horra iristeko gogo gehiago sartzen zitzaizkigun.
Taldean jarraitzea da zure helburua?
Urte asko daramatzat talde honetan. Beste talde batzuek agian beste aspektu batzuetan aberastu ahal naute, baina etxeko taldearekin maila honetan egoteak ez du parekorik.
Hala ere, beste helburu batzuk ere baditut, Euskadiko selekzioarekin edo Espainiakoarekin jokatzea adibidez. Euskadiko selekzioarekin jokatu dut jada.
Nola uztartu dituzu goi mailako kirola eta ikasketak?
Oso zaila da, asko entrenatzen eta bidaiatzen baitugu. Gainera, nahiz eta lehen mailan egon, ez dugu dirurik irabazten, eta horrek lanarekin uztartzera behartzen gaitu.
Hau dela eta, jokalari askok 26 urteren bueltan kirola utzi behar izaten du, ezin baitu bizitzako gainontzeko aspektuekin uztartu.
Nire kasuan, goi mailako ziklo bat ikasi nuen, eta orain magisteritza ikasten ari naiz. Ondoren, arratsaldetan, klaseak ematen dizkiet umeei kiroldegian, eta gero taldeko entrenamendura joaten naiz.
Asko bidaiatzen duzue?
Etxean jokatzen dugunean, bi astean behin, igandetan jokatzen dugu normalean, eta kanpora goazenean, larunbatean bidaiatu ohi dugu.
Asteburu osoa etxetik kanpo eman behar izaten dugu asteburu horietan, eta horrek eta arratsaldeetako entrenamenduek asko mugatzen dute lan bat bilatzerakoan, ordu asko eskatzen baitizkigu gure kirolak.
Zenbat entrenatzen duzue astean?
Astelehena izan ohi dugu atseden egun bakarra. Astearte, asteazken eta ostiraletan zelaian entrenatzen dugu, eta ostegunetan fisikoa egiten dugu Zubietako gimnasioan.
Joan den astean adierazi zuten 2022. urtean hasiko dituztela hockey zelai berriaren lanak. Nola jaso zenuten albiste hori?
Gogo asko ditugu zelai berrian jokatzeko. Lehenik eta behin, zelai profesionalagoa izango delako. Belar artifiziala hobea izango da, eta harmailetan jende gehiago egon ahal izango da.
Bestalde, orain jokatzen dugun zelaia ez da gurea, Donostiako Atletikorena da, eta talde gehiegik entrenatzen dute hemen. Kontuan izan behar dugu belar hockeyan aritzeko Donostiako zelai bakarra dela, eta talde asko daude: Donostiako Atletikoren taldeak, Realekoak, Zurriolakoak, Santo Tomas lizeokoak, Ekintzakoak… Arratsalde guztiak beteta daude, eta zelai erdian bakarrik entrenatzen dugu.
Entrenatzeko zelai osoa izateak asko lagunduko digu hobetzen, asteburuan zelai osoan jokatzen baitugu, ez erdian. Egunero zelai osoan aritzea eta ariketak errealagoak izatea positiboa izango da.