Estatuko Ogasunean eta Aduanetan hogei langile kaleratu dituztela salatu dute
Donostian eta Bilbon elkarretaratzeak egin dituzte garbitzaileek, guztira hogei langile kaleratu dituztela salatzeko. Espainiako Estatuko administrazioan izan dira kaleratzeak: Irungo aduanetan, Donostiako ogasunean eta Bilboko ogasunean. Yaunde eta Jokuhob azpikontratatutako enpresetan egiten zuten lana, eta azaroaren 10ean aurrez abixatu gabe gizarte segurantzan baja eman zieten.
ELArekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, eta sindikatuak dio bi enpresa hauek talde beraren parte direla. Duela bederatzi urte berdina egiten saiatu zirela dio sindikatuak, eta horregatik langileen kontratuetan klausula berri bat ezarri zuten. Klausula horren arabera, langileek soldata kobratzen ez badute ogasunak enpresa horien irabaziak atxikitzeko eskumena du, baina ogasunak ez du ezer egin. Izan ere, langileek ez dute iraileko, urriko eta azaroko nomina kobratu.
Azaroaren 12an langileei SMS bat iritsi zitzaien gizarte segurantzatik, enpresak bi egun lehenago baja eman ziela esanez. Enpresak ez zien langileei erabaki hau aurrez jakinarazi, eta arrazoirik gabe kaleratu dituztela salatu dute langileek. Jakinarazpenik jaso ez dutenez, langileek haien lanpostuetara joaten jarraitzen dute egunero, lan egiteko borondatea dutela erakusteko, baina lan egitea debekatzen diete. Hau dela eta, Bilboko eta Donostiako ogasunak eta Irungo aduanek astebete baino gehiago daramate garbitu gabe. Sindikatuaren arabera, hau oso larria da, are gehiago pandemia testuinguruan.
Erantzunik ez
ELA sindikatua azpikontratatutako enpresekin, ogasunarekin, aduanekin eta Espainiako Gobernuaren Delegaritzarekin jarri da kontaktuan, baina erantzunik jaso ez dutela diote. Erakunde hauek jakinaren gainean zeudela dio sindikatuak, baina ezer ere egin ez dutela gehitu dute.
Hau dela eta, elkarretaratzeak egiten jarraituko dutela adierazi du ELAk, eta hurrengoa azaroaren 23an izango da, 10:30ean.