Patio andaluziar bat Parte Zaharrean
88 urte baino gehiago daramatza Intza tabernak Esterlines kalean irekita. Paulina Garmendia urnietarrak ireki zuen taberna, eta garaiko tabernekin alderatuta, berezitasun bat zuen Intzak. Izan ere, Andaluziako patioen antzeko jantoki bat zuen (eta du) tabernak, nahiz eta sukaldean egiten zena bertakoa izan.

Paulina Garmendia urnietarrak 1933ko urtarrilaren 19an gaur egun oraindik bertan jarraitzen duen Intza taberna ireki zuen Esterlines kalean. Garai hartan kafetegi handi eta dotoreak nagusi ziren Donostiako Parte Zaharrean: Cafe Paris, Cafe Oliden eta Cafe Oriental, esaterako.
Intza taberna, baina, estilo ezberdinekoa zen. Sarrera estalitako terraza bat zen, landarez josia. Sartu eta ezkerretara azulejo urdinezko barra bat zuen. Garaiko idazkien arabera, Andaluziako patio baten antza zuen. Hala zioen garaiko egunkari batek, Revista San Sebastian aldizkariak jasoa: «Ni jatetxe baten bila nenbilen… Beti egin zait deigarria Parte Zaharrean dagoen kale estu bateko jatetxe horrek, patiotxo bat eta mahats parra baten azpian azulejo urdinak dituen hori. Kanpoaldeak andaluziarra dirudi. Manzanilla batekin eta gitarra hotsarekin topo egingo nuela uste nuen. Oker nengoen, baina. Andaluzismoa ez doa fatxadatik haratago. Sukaldari eta nagusia Urnietakoa da».

Ezkerrean, Coro Solana, eta eskuinean bere ama, Paulina Garmendia. (Argazkia: Revista San Sebastian)
Tabernak Intza izena zuen sorreran, gaur egungo berbera, baina urte batzuez bestelako izen bat izan zuen, Francoren bandoak gerra irabazi eta ia 40 urte iraun zituen diktadura bat hasi baitzen. Kolpistak Donostian sartu zirenean, Garmendiak eta bere senarrak, Jose Antonio Irulegik, ihes egin nahi izan zuten, beste askok bezala, baina Donostiako kaian nahasmen handiegia zegoen, eta ez zuten alde egitea lortu. Irulegi nazionalista zen, eta 1933. urtean isun bat jarri zioten Kontxa pasealekuan egin zuten pintaketa bat Intza tabernan prestatu zutelako. Donostian geratu behar izan zuen azkenean bikoteak, eta Irulegi salatu, atxilotu eta ondoren fusilatu egin zuten.
Garmendiak taberna bakarrik atera behar izan zuen aurrera, eta hori gutxi balitz, diktadurak tabernaren izena aldatuarazi zion. Hala, Intza taberna izatetik Bar España izatera igaro zen Garmendiaren negozioa. Hala ere, handik gutxira Garmendia berriro ezkondu zen, Ignacio Solanarekin, eta biek batera kudeatu zuten taberna.
1975. urtean tabernak berezko izena berreskuratu zuen, eta familiako bigarren belaunaldia jarri zen tabernan lanean: Coro Solana alaba, Luis Astrain senarrarekin batera.
Pintxoak eta ogitartekoak egiten espezializatu ziren, eta ordutik hona hori da Intza taberna ezaguna egiten duena: edozein poltsikotara moldatzen den etxeko sukaldaritza.
Esterlines kalea
Bere zabalera estuaz gain, ogitarteko goxo eta merkeak jateko tabernek ezaugarritzen dute gaur egun Esterlines kalea: Juantxok, Danenak eta Intzak hirukote ezaguna osatzen dute han dagoen plazatxoan. 1566. urteko eta 1630. urteko erroldetan jada Esterlines kalea agertzen zen, Enbeltran kalearen atzean. Garai horretan hiru metro eta erdi eta lau metro eta erdi arteko zabalera zuen kaleak, eta hiriko arrandegia bertatik igarotzen zenez, bizilagunek kiratsa jasan behar izaten zuten.
Kale honen izenak jatorri komertziala du, eta XIX. mendean Pablo de Alzolak ikertu zuen. Antza denez, Hansako Ligarengatik du izen hori. Hansako Liga XIII. eta XVII. mendeen arteko merkataritza konfederazio bat zen, Itsaso Baltikoko merkataritza eta salerosketa kontrolatzen eta monopolizatzen zuten komunitateek osatuta. Hansear edo esterlin gisa ziren ezagunak, eta Esterlines kaleak izen hori du garai batean haien sukurtsala bertan egon zelako.