Zer da ongizatea? Nola neurtzen da?
Azaroaren 26an ongizatearen inguruko gogoeta jardunaldiak izango dira EHUko Zuzenbide Fakultatean. Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza laborategiak eta EHUko GEZKI Institutuak elkarlanean antolatu dute, eta Zeelanda Berrian egindako lanketa hartuko dute eredutzat.
Telesforo Monzonek hainbat ikerketa lerro ditu, eta horietako bat ongizatearen lanketarena da. Malen Dominguez Zabalak ongizatea lantzeko ikuspuntuen master amaierako lana egin zuen, Subiranotasuna Europako herrietan masterrean. Hortik abiatu da jardunaldien proiektua, eta bera dabil koordinatzaile lanetan.
Dominguezen hitzetan, «koronabirusak agerian utzi du ustez ondo egituratuta zeuden eta gure ongizatea bermatzen duten faktore asko kolokan geratu direla». Hala, «honek guztiak pertsonen ongizateaz eta ongizate horretan eragina duten faktoreez sakonago aritzeko beharra» azaleratu duela uste du. EHUko GEZKI Institutuak eta Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza laborategiak antolatu dute elkarlanean, Felix Arrieta eta Enekoitz Etxezarreta irakasleen zuzendaritzapean. Sakontzeko asmoz, gaiaren inguruko adituak gonbidatu dituzte solasaldi sorta egiteko.
Ondorengo galderei erantzuten saiatuko dira: Zer da ongizatea? Nola definitzen dugu? Zertan neurtzen da? Egokiak al dira egun erabiltzen diren adierazleak? Eredu propiorik behar al dugu? Hiru zati izango ditu jardunaldiak. Lehenik, ongizatearen kontzeptuan sakonduko dute. Ondoren, ongizatearekin lotutako kontzeptuen inguruko hausnarketa eta birpentsaketa bideratuko dute: zaintzaren, perspektiba komunitarioaren eta errenta banaketaren inguruan arituko dira. Amaitzeko, aurrera begira jarriko dira. Ongizatearen neurtzeko ereduei erreparatuko diete, eta Zeelanda Berriko eredua erabiliko dute adibidetzat.
Dominguezek Zeelanda Berrian prozesu parte hartzaile baten bidez landutako ongizatearen adierazleen eredua landu zuen, eta nazioarte mailan Zeelanda Berria estatu eredugarri moduan hartu zitekeela ikusi zuen. Gobernuaren iniziatiba bidez estatuko eragile sozial ezberdinak bildu ziren. Emaitza ongizatea neurtzeko adierazleen taula bat izan zen. «Eredu honek ez du soilik arlo ekonomikoa kontuan hartzen, guztira 80 adierazle inguru ditu». Esaterako, komunitatea babestearen garrantzia eta populazioak hizkuntzari ematen dion garrantzia hartzen dira kontuan. «Interesgarria da eredu hori hartzea, euskal herrian dugun parte hartze komunitariorako kultura oso baliogarria izan daitekeelako horrelako proiektu baterako», nabarmendu du.
Jardunaldia azaroaren 26an izango da, eta 09:00etan hasi, eta 14:00etan amaituko da. Solasaldiak EHUko Zuzenbide fakultateko gradu aretoan izango dira. Izena emateko elab@telesforomonzonlab.eus helbidera idatzi beharra dago, azaroaren 24a baino lehen.