'Bidea da Borroka' komikia aurkeztu dute Gaztelumendi anaiek
Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiek Bidea da Borroka komiki liburua aurkeztu dute gaur Rezola Museoan. Beñat Gaztelumendik egin du komikiaren gidoia, eta Unai Gaztelumendiren marrazkiak ditu. Bi anaiek adierazi dutenaren arabera, bi urte baino gehiagoko lana izan da hau: “Luzea izan da, baina gustura egin dugu”.
Komikia eskuragai dago jada 18 euroren truke Bertsolari Aldizkariaren webgunean, Elkar dendetan eta beste hainbat liburu dendetan. Durangoko Azokan ere eskuratu ahal izango da komikia.
Bidaia bikoitza
Bidea da Borroka bidaia bikoitz baten istorioa dela adierazi dute Gaztelumendi anaiek. Martin Artola bertsolaria, 30 eta 35 urte arteko gizon gipuzkoarra, lehenengo aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera iritsi da. Komikian, alde batetik, Barakaldora autoz egiten duen bidaia fisiko hori kontatu dute anaiek, baina baita “erabat lineala” ez den bidaia bat ere: Martin Artolaren eta bere inguruaren hazte eta heltze prozesuaren bidaia.
Adierazi dute ez dela bertsolaritzari buruzko komiki bat: “Gure belaunaldiko edozein pertsonak bizi izan dituen bizipenak bizi izan ditu Martin Artolak. Euskal Herriko gatazka politiko maiuskulazko horren aro zehatz batean sortua da, gerra-hizkera batean hezia, dena eraikia zegoenean jaio zen; epika baten baitan aurkitu nahi izan die zentzua bere ekintzei… Erresistentzian eta subalternitatean. Eta, ohartzerako, botere-posizio batean aurkitu du bere burua, aldatu egin zaio testuingurua”.