Boluntarioek eta erabiltzaileek kaleko afari solidarioen urteurrena ospatu dute
Duela urtebete, 2020ko azaroaren erdialdean, Parte Zaharreko bizilagun gutxi batzuk Konstituzio plazan lo egiten zuten pertsona talde txiki bati afari beroak eramaten hasi ziren, behintzat egunean behin otordu bero bat izan zezaten. Atzo urteurrena dela eta, adierazpenak egin zituzten Konstituzio plazan. Prozesua nolakoa izan den eta egungo egoera zein den azaldu zuten.
“Guretzat ospakizun egun handia da. Beste aldera begiratzeari utzi, eta ezer ez daukanari begietara begiratzen ikasi genuenekoa ospatzeko eguna”, adierazi zuen boluntario taldeak. Bertan iragarri zuten moduan, atzo gauean afari berezia egin zuten urteurrena ospatzeko. “Gaur denok, erabiltzaileak eta boluntarioak, mahaiaren alde berean egongo gara, egiten ari garena oso handia delako”, gaineratu zuten.
Gauero bezala, Konstituzio plazako arkupetan boluntario taldea eta erabiltzaileak 20:30ean bildu ziren. Oraingoan ordea, janari gazi zein gozo ugari ekarri zuten, eta mahaiaren inguruan bildu ziren denak elkarrekin afaldu eta urteurrena ospatzeko. Ondorengo irudietan ikus daiteke boluntarioek antolatutako afari berezia: