Dantzari bat arituko da ostiralean Urumearen gainean, Gabonak hasteko
Donostiako Udalak ostiralean emango die hasiera aurtengo Gabonetako jaiei, besteak beste, Gabonetako argiak piztuko baititu. Hain zuzen, dantza ikuskizun berezi batekin irekiko dute argiak pizteko emanaldia. 18:00etan hasiko da, Maria Kristina zubiaren inguruan, eta helioz beteriko koloretako globo batzuetara lotuta, dantzariak hainbat koreografia dantzatuko ditu Urumearen gainean. Horren ondoren, 18:30en bueltan, 300 globo biodegradagarri askatuko dituzte, eta orduan piztuko dituzte hiriko argi guztiak, baita Gabonetako azoka ireki ere.
Aurten, Gabonetako argiak hiriko ehundik gora kalera iritsiko dira, eta hainbat berritasun izango dituzte: Zurriolako zubiko faroletako argiak, Parte Zaharreko kaleetakoak eta Easo plazako kioskokoak, esaterako. Udalak 410.000 euro gastatu ditu aurtengo argiterian. Iaz, pandemia dela eta, ia erdia gastatu zuen (240.000 euro inguru), eta 2019an, pandemia aurreko urtean, aurten baino %4 gutxiago. Bestalde, Alderdi Ederreko noria muntatzen ari dira dagoeneko, eta udalak Gabonetako turismoa sustatzeko kanpaina bat abiatu du.