Erraustegiko langileek greba mugagabea abiatuko dute, osasun eta lan baldintzak duintzeko
Zubietako erraustegiko langileek greba mugagabea abiatuko dute hilaren 23an, “lantokian pairatzen duten prekarietatea ezabatzeko”, ELA sindikatuaren arabera. Hain zuzen, sindikatuak salatu duenez, Ekobal enpresak, erraustegiaren kudeatzaileak, “hasieratik ez ditu bermatu osasun eta lan baldintzak”. Horrez gain, ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoek “urratu egiten dutela langileen greba eskubidea”: “Izan ere, ekoizpen arloan %70eko zerbitzu minimoak ezarri dira, eta balorizazio plantan, berriz, %90ekoak”.
“Laneko segurtasun eta osasun arloko neurririk eza etengabea da lantegiaren jarduera hasi zenetik”, sindikatuaren hitzetan, eta laneko arriskuen ebaluazioa “desegokia” da, ez datorrelako bat “Zubietako lantokiaren errealitatearekin”. Bestalde, ELAren arabera, lanaldiak “etenik gabeko hamabi ordura” luzatzen dira sarritan, baita “baimendutako legezko gehienekoaren gainetik aparteko orduak egiteko betebeharra” ezarri ere. “Egutegiak egun batetik bestera aldatzen dira, lanaldien arteko atsedenaldiak eta hitzartutako oporrak errespetatu gabe”, gaineratu dute.
Horrez gain, salatu dute erraustegiko langileei aplikatzen dieten hitzarmena “bide garbiketako sektorearena” dela, eta ez diola erraustegiko “lan errealitateari” erantzuten. Horregatik, “lantegiaren errealitate espezifikoa jasoko duen enpresa hitzarmen baten negoziazioa irekitzeko” eskatu du sindikatuak. Halaber, enpresak “justifikaziorik gabe” langileak “sistematikoki” kaleratu dituela kritikatu dute: “Jardunbide hori errepikatzen ari da jarduera hasi zenetik, eta azken kaleratzea oso egun gutxitan gertatu da; langilea berehala berriz hartzea eskatzen dugu”.
ELAk nabarmendu du Ekobaleko zuzendaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokiela eskaerei erantzutea, aldundiak adjudikatu baitzion Ekobali erraustegiaren kudeaketarako kontratua. “Enpresako zuzendaritzak zorrotz bete behar du laneko eta ingurumeneko legedia. Erraustegian langileek, bai herritarrek, oro har, eskubide horiek bermatuak izan beharko lituzkete”, gehitu du sindikatuak.