Doako aparkaleku eta autobus zerbitzuak izango ditu berriro ere Illunbek
2020ko udan kanpoko bisitarientzat eguneko aparkaleku bihurtu zen Illunbe, eta Erdialdera joateko doako autobus zerbitzua jarri zuten, turismoa bultzatzeko. Erabaki honek “izan zuen arrakasta dela eta”, aurtengo Gabonetan ere zerbitzu bera ezarriko du Donostiako Udalak. Hilaren 29an hasiko da, eta urtarrilaren 8an amaituko da.
Illunbetik 10:30etik 13:50era eta 15:30etik 20:10era aterako dira autobusak, eta hogei minutuko maiztasuna izango dute. Bestalde, Illunbera itzultzeko Ehunurteurrenaren plazatik, Errondo pasealekuaren amaieratik, aterako dira hogei minutuan behin, 10:40etik 14:00etara eta 15:40etik 20:20era. Geltokiak totem eta kokapeneko mapa batekin adieraziko dituzte.
Zerbitzu honekin turismo jasangarria bultzatu nahi dute Donostiako Udalak, Donostia Turismoak, Dbusek eta San Sebastian Shopsek, baita hiriko mugikortasuna hobetzea ere.
Donostiako Udalak eta Donostia Turismoak “arrakasta” gisa definitzen dute 2020. urtean zerbitzu hau ezarri izana, baina kritika asko ere izan zituen, jende askok ez baitzuen ulertu turistentzat doako autobusa ezartzea, gainontzeko autobusak ordaindu behar diren bitartean.