Euskadiko Arkitektura Institutua zinema areto bihurtuko da aste honetan

Arkitekturak eta zinemak bat egin dute berriro Euskadiko Arkitektura Institutuan. Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan, erakusketa bat, Galernak izeneko film laburren lehiaketa berri bat eta hainbat hitzaldi izango dira.
EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak eta Elias Querejeta Zine Eskolak elkarlanean antolatu dute programa, eta Donostiako Zinemaldiak ere parte hartu du lehen aldiz. Gaur goizean, programa aurkeztu dute Euskadiko Arkitektura Institutuan. Jose Angel Medina Mugak Bienaleko komisarioa; Izaskun Aseguinolaza EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko (ETSA) zuzendariordea; Ekain Olaizola erakusketaren eta Galernaken komisarioa; eta Pablo La Parra, Elias Querejeta Zine Eskolako (EQZE) Ikerkuntza Saileko koordinatzaile eta Donostiako Zinemaldiko Pentsamendu eta Eztabaida Arloaren arduraduna izan dira bertan.
Arkitektura Institutuko Kontzeju Aretoan egingo da programazio osoa eta zinema areto bihurtuko dute. Izan ere, espazioa bereziki egokituko dute Galernak Atlantikoko Arkitektura Zinemaldiaren emanaldietarako. Film laburren lehiaketa gaur bertan hasi eta hilaren 26an amaituko da, sari banaketarekin batera. Filmen emanaldiak arratsaldeko 18:00etan izango dira.
Ekain Olaizolak azaldu duenez, “Proiektu honen helburua da orain arte zinemak nolakoak izan diren aztertzea da, arkitekturaren ikuspegitik birplanteatzeko. Tipologiari buruzko hausnarketa bat egitea, berriz ere topagune erakargarriak izan daitezen, publikoz bete daitezen”.
Gainerako egunetan, aretoa ETSAk EQZErekin elkarlanean antolatutako ‘Zinemaren arkitektura Donostian’ erakusketaren eszenatokia izango da. Donostiako zinema espazioen inguruko ibilbide historiko eskaintzen du, Amarako azoketan edo Boulevardeko kafetegietan instalatutako lehen zinematografoetatik hasi eta gaur egun eraikitzen ari diren zinema handiekin amaituz, baita Arte Ederren Jauregia edo Astoria bezalako erreferenteetatik pasatuz ere. ETSAk eta EQZEk egindako ikerketa baten emaitza da, eta zinemak gaur egun behar dituen espazioei buruz hausnartzeko abiapuntua aurkezten du.
Besteak beste, hilaren 25ean, Venezia, Berlin, Viena eta Canneseko ordezkariak bilduko dira Donostian ‘Zinemaldiak eta hiri-eraldaketak’ topaketan. Donostiako Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak antolatu dute eta zinemaldien dimentsio espaziala eta hiriarekin duten harremana aztertuko ditu.
Sarrera librea izango da edukiera bete arte eta aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da. Zoom bidez izango da, eta, horretarako, beharrezkoa izango da bertaratuak beren telefono mugikorraren bidez sartzea eta entzungailuen bidez entzutea. Programazio osoa bienalaren webgunean dago ikusgai. Jarduera guztiak doakoak dira.