“Maletadun haur, nerabe eta heldu sentitu naiz”
'Argia'-k donostiarra elkarrizketatu du. Askotariko egoerak bizi izan dituzten euskal iheslari eta deportatu politikoen seme-alaben testigantzak biltzen ari da, liburu batean argitaratzeko.
Elkarrizketaren zati bat jarraian duzue irakurgai. Osorik, berriz, Argiaren webgunean:
Euskal iheslari eta deportatu politikoen seme-alaben bizipenak biltzen ari zinela itzuli da zure aita Kubatik.
Hala da. Banuen arantzatxo bat gaiarekin eta lekukotasunak biltzeari ekin nion orain dela hilabete batzuk. Ikusezinak ginela iruditzen zitzaidan, urtetan iheslariak eta deportatuak silueta beltzarekin irudikatu izan diren gisan. Ez izenik, ez abizenik. Oso egoera eta bizipen ezberdinak pizten ditu guraso bat preso edukitzeak edota sekretupean gorde beharreko leku ezezagun batean ukaiteak.
Gehienetan, etxekoek kokapena jakin arren, ezin izan diote inoiz inori esan, noski. Konparatu ezinak diren bi egoera ezberdin dira eta nik gurea azaleratzeko beharra sentitzen nuen. Motxiladun haurren plataforma sortu zenean asko poztu nintzen, ekimen garrantzitsua baita. Ikusarazi egin behar da haur horiek pairatzen dutena. “Baina gu non gaude?” pentsatu nuen nik. Ez bagara existitzen ez gaude, ez gara. Hemen gaude eta bagara ordea, eta badugu zer kontatua.
Zazpi egoera bildu dituzu, topatu al duzu elementu komunik haien artean?
Bai, min eta arantza berdinak ditugu denok. Erradiografia zabal bat egin nahi izan dut. Izan ere, iheslarien eta deportatuen munduan hamaika errealitate dago. Leku ugari bildu nahi izan ditut, batetik Ipar Euskal Herria, noski, eta bestetik Kuba, Mexiko, Venezuela eta Cabo Verde. Horrez gain, beste pare bat ditut lantzeko amaitu aurretik, batzuek sufritzen segitzen baitute oraindik. Suitzan dagoen iheslariaren kasua adibidez. Haren haurrak ere badu zer kontatu. Harrera beroa egin didate denek. Gaiaz hitz egiteko gosez sumatu ditut. Ikusezin izanaren sentsazioa nagusitzen da haiengan, zerbaiten parte izateko beharra. Gainera, kalera begira gaia tabu izan denez, gehienen kasuan etxean ere hala izan dela iruditu zait. Familia bereko haurren artean ere, anai-arrebek ez dute haien artean gaiaz hitz egin. Etxe berekoen lekukotasunak oso ezberdinak dira.