Asgarth taldeak 'Zeldatik' abestia aurkeztu du eta urtarrilaren 15ean itzuliko da taula gainera
Iazko urtarrilean itzuli zen Añorgako Asgarth banda, hamahiru urte luzeren ondoren. Orain, abesti berri batekin datoz. Datorren urtean plazaratuko duten Zeldatik disko berriaren izen bereko singlea eta bideoklipa plazaratu dute.
Usurbilgo Higain estudioetan grabatu dute diskoa, Haritz Harreguyren gidaritzapean. Aldiz, Quartan irudi zerbitzuak enpresak egin du bideoa.
Boskoteak honela aurkeztu du singlea: “Abesti honekin taldea bere erraietara itzuli da, estilo klasikora, eta gainerako doinuek ere lotura handiagoa izango dute lehen diskoekin, duela 16 urteko ‘Garrasia’ azkenekoarekin baino. Aldi berean, soinua eraberritu dugu eta horretan ekarpen handia egin dute taldekide berriek. Denok konfinatuta egon garen honetan, disko berria etxetik, zeldatik, egindako lan bat izan da. Argi izpi bat topatu nahian, abestien hitzak maitasunari eta gizarte gaiei loturikoak dira”.
Bestalde, heavy metal taldea urtarrilaren 15ean itzuliko da taula gainera. Añorgako zinema zaharrean abiatuko dute bide berria, 2007an agur esan zuten toki berean. Sarreren salmentaren inguruko informazioa datozen egunetan jakinaraziko dute, sare sozialen bidez.
Musikariei dagokienez, Asier Enbil abeslaria, Ander Cañas gitarrista eta Unai Zabala gitarrista dira hasieratik jarraitzen dutenak. Boskotea osatzen dute Mikel Yarza baxu jotzaileak eta Etxahun Urkizu bateriak.