Egiari buruzko 'Txurrutala' liburua aurkeztu du Gordegiak
Juanpe Urrosolo 1950ko hamarkadako Egiako ortoargazki bat ikertzen hasi zen behin, eta gaur egun jarraitzen duten eta ez dauden eraikinak eta elementuak bereizten hasi zen. Hori dela eta, auzoan dauden eta ez dauden elementuen inguruko bilketa bat egiten hasi zen. Hortik abiatuta, 180 eraikin baino gehiagori buruz hitz egiten duen liburu grafiko bat idatzi du Urrosolok, gaur Teila Fabrikan aurkeztu dutena.
Hainbat atal ditu liburuak; lehenik eta behin, eraikin horien inguruko informazioa biltzen du, eta batzuen argazkiak ere badaude. Egiaren historiari buruzko atala ere badu, eta gero auzoko bideak aztertu ditu Urrosolok, bai zaharrak eta bai gaur egungoak. Kale izendegia ere aztergai du Urrosolok, auzoen mugen modura; haren esanetan, gaur egun Egia auzoa lehen baino txikiagoa da, eta inguruko auzoak hein batean Egiatik hazi zirela dio.
Liburua Egiako tabernetan, Teila Fabrikan eta Arkatza zein Hontza liburu dendetan erosi ahal izango da.