Garberako ostalaritza eta aisialdi gune berria inauguratu dute gaur
Garberan ostalaritza eta aisialdi gune berria ireki ditu gaur. Hamabi jatetxe berri eta Cinesaren zinema bat ditu, eta, horrela, amaitutzat eman dute “eraldaketa proiektu handiaren lehen partea”. Inaugurazio ekitaldi instituzionala egin da, eta bertan izan dira Jesus Maria Garcia de Cos Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordea, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko bigarren diputatuordea eta Nekane Arzallus, Donostiako lehen alkateordea.
Nuria Vegas Garberako gerenteak eman dio hasiera ekitaldiari, eta eskerrak eman dizkie bertaratutako guztiei, proiektua 2007an abiatu zela, eta “une konplikatu eta zailak” saihestu dituela gogoraraziz. Lurra prestatzeko lanak 2018an hasi ziren, eta 2019ko martxoan lurrazpiko aparkalekua eraikitzeko lanak hasi ziren. 2020ko ekainean inauguratu zen, 1.200 aparkalekurekin. Proiektuak “130 milioi euro baino gehiago” eta arduradunen hitzetan “turismoa erakarriko du, bai nazionala, bai frantsesa, eta Donostiako eskaintza izugarria osatuko du”.
Nekane Arzallus, Donostiako alkateordeak Garbera zoriondu du, “200 lanpostu berri sortu dituen obra gauzatu duelako”. Jose Ignacio Asensiok, Garberako arduradunak zoriondu ditu, “proiektuaren hazkundea jasangarritasun parametro zorrotzenak kontuan harturik” egin delako.
Ostalaritza eta aisialdirako guneak hamabi jatetxe ditu gaur egun, bertakoak eta nazioartekoak. Gaur bertan ireki dituzte ateak bertako Terracityk, Saizar sagardotegiak eta Ogi Berrik; eta baita Kentucky Fried Chicken (KFC), Taco Bell, Brasayleña, Starbucks, McDonald’s, Poke House, Foster’s Hollywood, Ginos eta Vip’s multinazionalen frankiziek ere. Zinema aretoak “luxe kontzeptua ekarriko du”, eserleku etzangarriekin, baina “datozen asteetan irekiko dute”.
Proiektuak aurrera jarraitzen du
Garbera eraldatzeko proiektua ez da hemen amaitzen, dagoeneko bertan dauden 36.000 metro karratuei gehituko zaien 20.000 metro karratuko hedapen globalarekin jarraituko du. Lanak 2023ko martxoan amaituko dira, eta aisialdi-, jatetxe- eta moda-guneak izango dituen solairu bakarreko eremu zabal batean gauzatuko dira. 120 establezimendu baino gehiago izango dira, eta herritarrek Euskadin inoiz ezagutu ez duten esperientzia bizi ahal izango dute.
Garbera berriak, Donostia erosketak eta moda egiteko jomuga gisa bultzatzeaz gain, Gipuzkoako gastua bertan geratzen lagunduko du, eta, horrez gain, lurraldeko biztanleekin duen konpromisoan, merkataritza-guneak gaur egun dituen 1.000 lanpostuei gehituko zaizkien 1.000 lanpostu berri, 500 zuzen eta 500 zeharkako, sortuko ditu.