Indarkeria matxistagatik egindako laguntza eskaerek "nabarmen gora" egin dutela adierazi du udalak
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Donostiako Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek adierazpen instituzional bateratua aurkeztu dute.
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, egun guztiak dira “emakumeok emakume izate hutsagatik jasaten dugun indarkeriaren aurkako egunak”. Aurten, “pandemiaren olatutik irteten ari bagara ere, emakumeenganako indarkeria gogoan izan behar dela” azpimarratu du. Izan ere, laguntza eskaerek nabarmen gora egin dutela azaldu du. “Ahalduntze-programak ezinbestekoak dira horri aurre egiteko. Doako eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea, sare sozialak babesteko eta salatzeko bide gisa erabiltzea, lagunekin aisialdiaz gozatzeko aukerak ematea… zeregin indibiduala eta kolektiboa da, eta administrazioaren konpromisoa ezinbestekoa da”.
Udalak konpromiso horretan lan egiten duela nabarmendu du, eta Autodefentsa feminista programaren bitartez, indarkeria matxistarik gabeko etxebizitzetan atarien proiektua indartu nahi duela adierazi du. Adineko emakumeengan arreta jartzea, eta indarkeria matxista bera identifikatzea ezinbestekotzat jo ditu zinegotziak. Hala, indarkeria matxista identifikatu eta aurre egiteko ideiari heltzeko, Stiker Antimatxisten kanpaina abiatu du udalak, Usandizaga Institutuko Diseinu Grafikoko Goi Mailako Heziketa Zikloko ikasleek osatu dituzte, eta kanpaina Dbuseko pantaila eta geltokietan izango da ikusgai.
Horrez gain, udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu azaroak 25erako, eta hiritarrei parte hartzeko deia luzatu die. Azaroaren 25ean, Donostia Gazteriak antolatuta, Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa egingo da Tabakalerako Kutxa Kultur plaza. Ondoren, Kamikaz kolektiboaren Panpina ikuskizuna izango da bertan. 19:00etan, berriz, El cuidado desde mi libertad izeneko saiakeraren aurkezpena izango da Emakumeen Etxean. 19:30ean koordinakunde feministak deitutako manifestazioa abiatuko da Bulebarretik.
Azaroaren 26ean ere beste bi ekitaldi izango dira hirian. 11:00etatik 19:00etara azken bi urteetan eraildako emakumeak oroitzeko ekimena egingo da Haurralde Fundazioan. Tximeleta erraldoi bat sortuko dute, tximeleta txikiz eraildako emakume bakoitza irudikatuz. Azkenik, 18:00etan Indarkeriaren Aurkako Flashmoba egingo dute Harria Parkean. Altzako Feministak eta Ekialde Barrutiko Berdintasun taldeak antolatu dute.