Eusko Jaurlaritzak komunikabideei emandako diru laguntzen banaketa kritikatu du Hekimenek
Diru laguntzak euskarazko hedabide txikiei ere zabaltzeko eskatu dute.
Eusko Jaurlaritzak astearteko Gobernu Kontseiluan bost milioi euroko diru laguntza programa bat onartu zuen, prentsa idatziak eta irratiek COVID19-ak eragindako “lurrikara ekonomikoari” aurre egiteko. Ordea, audientzien arabera banatuko ditu Jaurlaritzak laguntza horiek komunikabideen artean, eta diru laguntza programatik kanpo utzi dituzte Interneten egunero dabiltzan hedabideak, astekariak, tokiko hedabideak —besteak beste, IRUTXULOKO HITZA—, komunikabide espezializatuak, herrietako telebistak, eta abar. Gainera, laguntzen %93,4 gaztelaniazko hedabideei emango dizkiete.
Hekimen Euskarako Hedabideen Elkarteari, ordea, ez zaio onargarria iruditu laguntzen banaketa. Hain zuzen, diru laguntzak banaketatik kanpo gelditu diren euskal hedabide guztiei zabaltzeko eskatu du, eta ulergaitzat jo du bost milioi euroen %6,6 soilik bideratu izana euskal hedabideetara. Izan ere, salatu du pandemiak “ondorio latzak” utzi dituela euskarazko hedabideetan.
“Komunikabide askorentzako egoera kritikoa da, eta hainbat egitasmoren biziraupena jokoan dago. Txertoekin bezala, lehentasuna zaurgarrienek izan beharko lukete. Zergatik lagundu handienak bakarrik, irismen datuetan oinarrituta? Zer komunikazio ekosistema sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak?”, gaineratu du Hekimenek, eta deitoratu du hedabide txikiek jasan dituztela pandemiaren ondorio gehienak, “bestelako diru sarreretara heltzeko arazo gehien” dituztelako: “Publizitatea, publizitate instituzionala, diru laguntza bereziak…”. Era berean, nabarmendu du euskal hedabideek “ahalegin berezia” egin dutela pandemia garaian, eta herritarrek “eskertu” egin dutela ahalegin hori.
Diru laguntzen banaketa
Honakoa izango da Jaurlaritzaren diru laguntzen banaketa, prentsa idatzian: El Correo-k 1,6 milioi euro jasoko ditu, 747.535 euro El Diario Vasco-k, Deia-k 558.126 euro, 305.580 euro Gara-k, 290.427 euro Berria-k, Noticias de Gipuzkoa-k 171.731 euro, Noticias de Alava-k 113.645 euro. Irratietan, aldiz, banaketa hau egingo dute: Ser irratiak 520.244 euro jasoko ditu, Nervion irratiak 224.765 euro, Copek 174.256 euro, Onda Cerok 123.747 euro, Onda Vascak 73.238 euro, Bizkaia irratiak 40.000 euro, Herri Irratiak 25.254 euro eta Radio 7k 22.729 euro.