Gabonetako argien gastua murrizteko eskatu dio Eguzkik udalari
Donostiako Udalak bihar emango die hasiera aurtengo Gabonetako jaiei, besteak beste, Gabonetako argiak piztuko baititu. Eguzkik argien “alferrikako” gastua murrizteko eskatu dio udalari ohar bidez.
“Glasgowko goi-bileraren ‘izpiritua’ di-da batean ahaztu zaigu. 15 egunez jardun gara kezkati itxuran klima-larrialdia dela eta neurriak hartu behar direla esaka, eta, begira, astebete geroago, Gabonetako argiak topera piztuta”, adierazi du Eguzkik.
“Argindarraren prezioa goraka doanean eta familia asko hurrengo fakturaren aurrean zeharo ikaratua daudenean, udala 42 egunez energia xahutzeko prest dago”. Horrekin batera, Eguzkik ondorengo galdera azaleratu du: “Udalak zertarako itzaltzen ditu udaletxeko fatxadarena argian Planetaren eguenean, baldin eta gero, Gabonetan 42 egunez argindarra xahutzen badu?”.
Hala, Eguzkik argindarraren xahutzea leuntzeko bi proposamen luzatu ditu. Batetik, udalari argiak 21:00etan itzaltzeko eskatu dio. Izan ere, ordurako dendak itxita egoten dira eta kalean jende gutxiago dabil. Bestetik, datozen urteei begira, Gabonetako argiak hilabete batera murriztea eskatu du. Zehazki, abenduaren 6tik urtarrilaren 8ra. Talde ekologistaren iritziz, ez dira proposamen “erradikalak”, errazak eta “edozeinek onartzeko modukoak” baizik.