Kurrilo bat agertu da Loiolako Erriberatik gertu
Itsas Enara Ornitologia Elkarteko kideek kurrilo arrunt bat ikusi zuten asteazkenean Donostian, Loiolako Erriberatik gertu, Urumea ibaiak itsasbeheran agerian uzten duen lokatzezko gunean. Ornitologoek azaldu dutenez, ohikoa da kurriloak Donostiatik ikustea migrazio garaian, baina hiriaren gainetik hegan soilik: “Donostian geldialdia egiten ikustea erabat ezohikoa da”.
Animalia “atseden hartzen eta elikatzen” ari zen Loiolako Erriberan ikusi zutenean, kaio talde batekin: “Kaio talde baten ondoan zegoen, burdinazko zubitik hurbileko kaioen ohiko geralekuan. Astearte arratsaldean, Urumea ibaiaren bokalaren gainetik hegan kaio hankahori talde batekin batera ikusi genuen ale bera izango da ziurrenik. Hortaz, badirudi kaio hankahoriekin elkartzea erabaki duela, gutxienez aldi baterako”.
Era berean, azaldu dute “ale heldugabea” dela, eta, segur aski, bere talde migratzailea utzi behar izan duela, “nekatuta edo desorientatuta”: “Lehen migrazioan, gurasoekin joan ohi dira. Hortaz, Donostiako ale bakartiak aurrera egiteko zailtasunak izan ditzake”. Hain zuzen, egunotan Gipuzkoatik kurrilo taldeak migrazioan pasatzen ari dira, eta adituek aurreikusten dute datozen egunetan “ale kopuru handi bat” pasako dela, Alemanian talde handiak ikusi baitituzte Frantzia aldera joaten.
Jarraian, Itsas Enarakoek Urumean ikusitako kurriloaren bideoa: