Basamortu bakartietan cowboy soka erabiltzen jakin behar
Pelikula:‘The Power of The Dog’
Zuzendaria: Jane Campion
Urtea: 2021
Herrialdea: AEB
Izaten dira western filmetan halako esaldi mitikoak, zinemaren historian iltzatuta geratzen diren horietakoak. Hortxe diraute, esaterako, John Waynen “Adorea beldurrak jota egon arren zaldia zelatzea da”; edo Clint Eastwooden “Mundu honetan bi gizon klase daude: pistoladunak eta aitzurdunak. Zuk aitzurra duzu”. Jane Campionek ere ekarri dizkigu, The Power of the Dog Thomas Savagen eleberriaren moldaketarekin, makina bat esaldi gomutagarri. “Pazientziaz egiten da gizona gizon, agertzen zaizkion zailtasun guztien aurka” dio Phil Burbank cowboyak (Benedict Cumberbatch). Hala ere, filmaren izpiritua ondoen laburbiltzen duena, protagonistak Peter Gordon gazteari cowboy soka eskuz nola egin erakusten dion bitartean esaten dion hori da: “Leku bakarti xamarra da hau, Pete. Kontuen haria harrapatzen ez baduzu, behintzat” (“unless you get the swing of things”).
Campionen keinu bikainena, ordea, esaldiari eszenaren kontestuarekin ematen dion bigarren zentzua da. Bi pertsonaien arteko tentsio homo-erotikoa nabarmena da momentu horretan, eta cowboyaren soka ligatzeko metafora bikaina bihurtzen du, hegoaldeko basamortu bakarti horietan. Era honetan, gaur arte westernekin eraiki den maskulinitatearen mitoa deseraikitzen laguntzen du Campionek, Waynen eta Eastwooden esaldietako adorearen ideal matxistaren aurka. Gizonen arteko harremanek oro har izaten duten izaera gogorra (bihozgabea, batzuetan), eta harreman eredu horiek dakartzaten jokaera homo-errepresiboak agerian uzten dira filmaren hoztasun formalean ere. Esate baterako, garai hartako hitz egiteko modu ezberdinarekin, nahiz eta guztiz sinesgarria izan, ikusleak pertsonaiekiko izan dezakeen atxikimendu emozionala oztopatu egiten digu gidoiak; baita Wyethen eta Hopperren margolanen antza duen Ari Wegnerren argazki lan hotzak ere.
Horri, Johnny Greenwooden musikak lortzen duen ezinegon sentsazio orokorra gehitu behar zaio, Radioheadeko musikariak There Will be Blood western modernoan lortu zuen sentsazio arraro bera. Hemen ere, ezin hobeto adierazten dute Greenwooden disonantziek pertsonaien bakardadea eta maitasun premia, baita John Wayne eta Clint Eastwooden munduan homo-erotismoak izan ditzakeen erruduntasun eta gaitzespen sentipen zapaltzaileak ere —horrez gain, indartsuak dira oso Savagen istorioan, Thomas Mannek La Muerte en Venecian egin zuen antzera, erreprimitutako sexualitatearen eta gaitzaren artean ezartzen diren metaforak—. Beraz, jada Brokeback Mountain filmean landutako western homosexualaren planteamendua erradikalizatuz, Campionek kontakizun benetan aztoragarria maisuki moldatu du zinemara. Oro har, filmaren gidoiak eta planteamendu estetikoak urruna eta hotza diruditen arren, zuzendari australiarra modu epel eta errukitsuan hurbiltzen da pertsonaien drametara, begirada basamortu estugarri horiek poesiaz betetzen dituzten erbi, lore, eta cowboy soka bakartietan pausatuz.