Paco Etxeberriak eta Iñigo Iruinek Mikel Zabalzaren kasuaren bertsio ofiziala gezurtatu dute Endarlatsan
“Agertokira etortzeak eta bertsio ofiziala toki honetara ekartzeak zalantzan jartzen du bertsio ofiziala, modu erradikalean eta erabatekoan; ez da sostengatzen”. Mikel Zabalzaren (1952-1985) familiaren abokatu Iñigo Iruinen hitz horiek dira Paco Etxeberria forentse eta antropologoak eta Iruinek berak Endarlatsara (Nafarroa) egindako bisitaren ondorio nagusia. “Arrunkeria handi bat da bertsio ofiziala, ez dago burutsuagoak izateko adimen nahikoa”, gaineratu du Etxeberriak. Ahotsa atariak Galdutako objektuak kapitulu sortaren hamargarren atala argitaratu du –Endarlatsa, el escenario de la versión infame–, eta bertan Etxeberria eta Iruin ikus daitezke, Endarlatsa bisitatzen eta bertsio ofiziala han bertan berreraikitzen. Non dago Mikel? filmean erabili ez zuten materialarekin egiten ari dira kapitulu sorta hori. Jarraian, aipatu atala (gaztelaniaz):
Izan ere, bertsio ofizialak, gaur egunera arte indarrean jarraitzen duenak, dio ETAren zulo bat egiaztatzen ari zirela (ETAkoa izateagatik atxilotu zuten Zabalza, baina ez da inoiz frogatu Orbaizetakoak talde armatuarekin harremana zuenik), Zabalzak guardia zibilengandik ihes egin zuela –guardia zibilez inguratuta eta eskuak lotuta–, ibaira erori zela eta itota hil zela. Ordea, bertsio horrek hutsune handiak ditu, eta hainbat ikerketek diote Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zutela. Hain zuzen, harekin batera atxilotu zituzten haren bikotekide Idoia Aierbe eta Ion Arretxe idazlea, eta biak torturatuak izan ziren; Arretxek, gainera, adierazi zuen torturak jasaten zituen bitartean beste gizon baten oihuak entzuten zituela.
Orbaizetarra bazen ere, Zabalza Altzan bizi zen atxilotu zutenean, Donostiako Tranbia Konpainiako gidaria baitzen. Horregatik, Donostiarekin eta bereziki Altzarekin lotura handia izan du beti auziak. Hain zuzen, torturaren aurkako horma irudi bat egin zuten iaz, Zabalzaren heriotzaren 35. urteurrenean, Altzako San Martzial plazan, Zabalzaren omenezkoa: Mikelen Txokoa. Era berean, gaur 36 urte bete dira Zabalza hil zutenetik, eta omenaldia egingo diote bihar, hilaren 27an, Altzako Mikelen Txokoan bertan, 12:00etan.