Aldamar kaleko eraikin historiko bat botako dutela salatu dute
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak salatu duenez, Parte Zaharreko Aldamar kaleko 1. zenbakiko “eraikin historikoa” botatzekoak dira, eraikin altuago bat egiteko. Azaldu dutenez, Parte Zaharreko bizilagunen bidez izan dute proiektuaren berri. Hedabide hau udaleko iturriekin harremanetan jarri da, baina ez du gaiaren inguruko erantzunik jaso.
Rekalde taberna eta Sagutxo azoka zeuden lehen eraikin horretan, baina orain higiezinen enpresa batek etxebizitzak eraikiko dituela gogoratu dute Ancorakoek: “Rekalde taberna itxi zuten eta bizilagunak bota. Eraikinak ez du babesik, eta etxe berriak eraikitzea da ideia”. Hain zuzen, eraikina ez dago Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren barruan babestuta –gaztelaniazko PEPPUC siglekin ezagunagoa–, nahiz eta Parte Zaharreko Monumentu Multzoaren ondoan egon, eta, Ancoraren ustez, “tratamendu berezia” behar duen.
Ancorak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak, Ancorak berak egiten duen moduan, eraikina babesteko eskatu duela. Horregatik, herritarrak Aldamar kaleko eraikina babestera deitu ditu elkarteak, udalaren webguneko herritarren postontzian eraikina ez botatzeko eskatuz.
XIX. mendeko eraikina
Ancorak azaldu du lursaila Domingo Ezeizak, Ramon Mujikak, Antonio Zubillagak eta Francisco Etxeberriak erosi zutela 1888an, itsasoari berriki irabazitako eremua zenean. Horregatik, hain justu, nabarmendu dute Aldamar kaleko eraikin zaharrenetariko bat dela, eraiki zutenean Zurriolako harresiaren ondoan baitzegoen; harresia geroago bota zuten.