"EHUren errepresio politikoa" salatu dute IAk eta UIBk
Ikasle Abertzaleak (IA) eta Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) taldeek “EHUren errepresio politikoa” salatu dute Ibaetako campusean astelehen eguerdian. Izan ere, azaldu dutenez, 20.000 euro ordaindu beharko dituzte isunetan, pasa den ikasturtean campusean Ertzaintzarekin izandako gertakari batzuen harira.
Hain zuzen, otsailean Zorroaga aretoan sartu ziren aipatu taldeetako zenbait kide, espazio hori “lan eta antolaketa politikorako” erabiltzeko helburuarekin. Ordea, Ertzaintza bertaratu zen, eta “EHUren aginduz”, ikasleak “indarrez kanporatu eta identifikatu” zituen. “EHUren teilatupean eta bere babes zein onarpenarekin aurrera eramandako eraso bortitzenetako baten aurrean gaude”, gaineratu dute. Era berean, salatu dute ez dela halako zerbait gertatzen den lehenengo aldia: “Hau ez da eraso isolatu bat, unibertsitatean orokortua den errepresio politikoaren adibide bat baizik. Ikasleriaren edo langile klasearen interesen defentsan egindako borroka prozesu oro isilarazteko eta antolakuntza blokeatzeko indar polizialez baliatzen da EHU”.
Horregatik, isunen ordainketa unibertsitateak bere gain hartzeko eskatu dute, euren ustez, EHU delako otsaileko gertakarien “erantzulea”. Era berean, gehitu dute “gatazka politikoen irtenbiderako”, alde desberdinen arteko “elkarrizketarako espazioak” sortzea beharrezkoa dela, eta horretarako prest agertu dira. Horrez gain, euren aldarrikapenek babes eta oihartzun handiagoa izan dezaten, sinadura bilketa bat abiatuko dutela iragarri dute.