Aldamar kaleko eraikinari buruz "ez dago erabakirik hartuta", Goiaren arabera
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak astelehenean salatu zuen Parte Zaharreko Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikina botatzekoak direla, etxebizitzak egiteko. Gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak adierazi du oraindik ez dagoela hartuta proiektuari buruzko erabakirik: “Proiektua sartu berri da Hirigintza sailean. Oraindik ez da aztertu ere egin, eta aztertu egin behar da, ikusteko zer baldintza ezarri behar zaizkion, daukagun arautegiaren arabera. Ez dago erabakirik hartuta”.
Ancorak nabarmendu zuen “eraikin historikoa” dela Aldamar kaleko 1. zenbakikoa, XIX. mendearen amaierakoa baita. Ordea, salatu zuen ez dagoela babestuta: “Rekalde taberna itxi zuten eta bizilagunak bota. Eraikinak ez du babesik, eta etxe berriak eraikitzea da ideia”. Parte Zaharreko Monumentu Multzoaren ondoan dago, baina ez dago Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren barruan katalogatuta —gaztelaniazko PEPPUC siglekin ezagunagoa—; Ancoraren ustez, “tratamendu berezia” izan beharko luke eraikinak. Horregatik, herritarrak eraikina babestera deitu ditu elkarteak, udalaren webguneko herritarren postontzian eraikina ez botatzeko eskatuz.