Euskal Autonomia Erkidegoan COVID ziurtagiria eskatzea baimendu du Espainiako Auzitegi Gorenak
Espainiako Auzitegi Gorenak baimena eman dio Eusko Jaurlaritzari COVID ziurtagiria eskatzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Joan den astean eskatu zion baimena Eusko Jaurlaritzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, baina honek aurka egin zuenez, Espainiako Auzitegi Gorenean jarri zuen helegitea jaurlaritzak. Beraz, Donostian ere aplikatuko da ebazpena. Bestalde, gaur Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia berriro aktibatzeko asmoa duela adierazi du.
EAEko Auzitegi Nagusiak azaroaren 22an ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzaren asmoak oinarrizko eskubideak urratzen dituela. Jaurlaritzak egindako eskaeraren arabera, ziurtagiria erakutsi beharko da herritarrei aisialdirako jarduerak eta dantzarako aukerak eskaintzen dizkieten lekuetan, hala nola dantzalekuetan, musika ikuskizunak eskaintzen dituzten aretoetan, musika tabernetan eta karaokeetan. III. taldean sartutako pub eta taberna berezietan ere eskatu nahi dute ziurtagiria, 22:00etatik aurrera.
Jatetxeei ere eragingo die neurriak: 50 pertsonak baino gehiagok jateko lekua dutenetan eskatu beharko dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasukoa baino handiagoa den bitartean eutsi nahi diote neurriari (811koa zen atzo EAEn). Establezimenduen jabeen ardura izango da bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea, eta paperean edo formatu digitalean aurkezteko aukera egongo da.