Euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen gida banatuko du udalak
Garai honetan 2006. urteaz geroztik egin duen moduan, Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak Euskarazko produktuen gida 2021 argitaratu du, bai paperean eta bai online formatuan. Pasa den urtean, ordea, pandemia zela eta ez zen gidarik banatu.
Gidak 2021ean haurrei zuzendutako euskarazko merkatuko produkturik berrienak eta interesgarrienak jasotzen ditu hainbat ataletan sailkatuta. Besteak beste, aldizkariak, komikiak, DVDak, joko eta jolasak, musika, liburuak, hiztegiak, gurasoentzako nahiz euskara ikasteko material berezitua, web orri interesgarriak biltzen ditu. Era berean, produktuak hiru adin tartetan daude banatuta: 0-4 urte, 5-9 urte eta 10-12 urte. Gidan produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ere ematen da.
Aurten ere, familien artean banatzea da helburua, eta Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik beherako haurren artean banatuko da ikastetxeetan. Gida zenbait saltoki, liburutegi eta kultur etxetan ere eskuratu ahal izango da, eta guztira 12.000 ale banatuko dira. Gida webgunean ikusteko aukera dago jada. Irakurtzeko ohitura funtsezko oinarria da haur eta gaztetxoen garapenean, eta horregatik, euskaraz irakurtzera animatu nahi dituzte euskaragida.eus-ekin.