Datorren astean erabakiko dute San Tomas festa ospatu edo ez
COVID-19aren intzidentzia metatuaren gorakada eta Eusko Jaurlaritzak har ditzakeen neurriak direla eta, San Tomas eguneko festa kolokan dago Donostian, eta Eneko Goia alkatea kezkatuta agertu da. Horrela ere, erabakia datorren astean hartuko dutela adierazi du alkateak: “Uste dut itxoitea dagokigula. Erabakia hartzeko denbora daukagu, eta ikusi beharko dugu gauzak nola doazen. Denok gaude zalantza egoeran, larrialdi egoera ezarriko den edo ez den ezarriko. Aste hau behintzat hartuko dugu momentuz, erabaki bat hartzeko”.
“Datorren astekoa nahiko mugako data da. Izan ere, ez diogu inori kalterik eragin nahi, eta horrelako ekitaldi bat ospatzeko, enkarguak eta halakoak egin behar dira. Beraz, datorren astean hartuko dugu erabakia, ondorio kaltegarriak ez izateko”, gehitu du Goiak. Era berean, Jaurlaritzak larrialdi egoera ezartzen badu, San Tomas egunarekin zer egin aztertuko dutela azaldu du Goiak, erabakia festa bere osotasunean ospatzea, ez ospatzea edo bitarteko zerbait izango ote duten galdetuta: “Ez dut aukerarik baztertzen. Bilborekin ere hitz egingo dugu, beti egin dugun moduan, testuinguru desberdinak badira ere, koherenteak izateko”.
Udalak urria hasieran adierazi zuen neguko jaiak berreskuratuko zituela hiriak. Aldiz, azaroa hasieran, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak San Tomas eguneko postu kopurua murriztu zuen. Orain, hiru aste falta dira santomasetarako.